Abiatu dituzte Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen mendeko Leioako egoitza-zentroa Bizkaiko Foru Aldundia sustatzen ari den etorkizuneko egoitza-eredura egokitzeko lehen eraberritze-lanak. Azaldu dutenez, helburua zentroa bizikidetza-unitateetan antolatzea da, arreta pertsonalizatuagoa eta komunitatearekiko eredu irekiagoa eskaintzeko eta laguntza behar duten pertsonen behar, nahi eta itxaropenei, erabiltzailen eskubideak eta nortasun biografikoa errespetatuz, erantzuteko gauza izango dena.
Leioako egoitza sei bizikidetza-unitatetan egituratuko dela zehaztu dute eta horietako bakoitzak gehienez 22 pertsona hartuko ahalko ditu. Hala, unitate bakoitzak 20 logela eta unitate bakoitzean elkarbizitzarako eremu komunak izango ditu: egoteko gunea, jantokiagaz integratuta egongo den etxeko sukalde irekia eta terraza, egoiliarrek etxe baten antzekoena izango den inguruan euren bizi-proiektuagaz jarraitu ahal izan dezaten. Era berean, Leioak 25 plazako unitate soziosanitarioa izango du eta Uriberako Eskualdeko Erreferentzia Zentro berria hartuko du, Bilborako dagoeneko abian dagoen Birjinetxeren ereduari jarraituz.
Sergio Murillok, Gizarte Ekintzako foru diputatuak, nabarmendu duenez, eraldaketa horri esker Leioa erreferentziazko zentroa izango da Uribe Kostako gizarte zerbitzuen sektore osoarentzat: "Hemen, bizikidetza-unitate hauetan, pertsonak etxean bezala biziko dira, eta, gainera, eskualdeko gainerako egoitzei lagunduko diegu. Dagoeneko eskualdeko egoitzakaz arlo hau lantzen ari den Leioako zentroa une hauetan Birjinetxe Bilborentzat eta alde horretako egoitzentzat denaren modukoa izango da Uriberentzat. Bizkaia trantsizio soziosanitarioa bizkortzen ari da, eta horren adibide ona da Foru Aldundiaren zuzeneko kudeaketa publikoa duen Leioako zentro hau. Horrela aurrera egiten dugu, urratsez urrats, etorkizuneko zainketetan".
Zentroa bizikidetza-unitate bihurtzeko prozesua 2026an amaitzea espero du Aldundiak, Eraldaketa, Berreskuratze eta Erresilientziako Estatuko Planaren esparruan EB Next Generation funtsek finantzatutako 20,8 milioi eurotik gorako kostuagaz.
Obra-prozesu mailakatua eta segurua
Zentroa egokitzeko eta hobetzeko obrak era progresiboan egingo dituzte, zentroan bizi diren pertsonak eta lan egiten duten profesionalak kontuan hartzeko. Ildo horretatik obrek eragin ditzaketen kalteak minimizatzeko beharrezko neurri guztiak hartuko dituztela azaldu dute.
Obren lehen fasean laugarren solairua eraberritzen ari dira eta bertan jarriko dituzte lehenengo bi bizikidetza-unitate independenteak. Behin laugarren solairua amaituta, eraberritze-lanak lehen solairuan hasiko dituzte unitate soziosanitarioa sortzeko eta une honetan fase horri dagokion proiektu arkitektonikoa idazten ari dira. Ondoren era progresiboan bigarren eta hirugarren solairuetan aurreikusitako obrei ekingo diete, bizikidetza-unitateetara egokitzeko eta horrela beste lau unitate gehitzeko. Leioako Eskualdeko Erreferentzia Zentroak amaierako konfigurazio horretan 157 plaza izango ditu, 132 sei bizikidetza-unitatetan eta 25 unitate soziosanitarioan.
Egoitza-arreta gehiago pertsonalizatzeko estrategia
Bizkaiko Foru Aldundia iraupen luzeko zainketen eraldaketa bultzatzen ari dela ere azaldu dute, aniztasunarekiko arretan eta egoiliarren bizi-proiektua garatzeko laguntza behar duten pertsonen behar, itxaropen eta lehentasunen bilakaeran aurrera egingo duen pertsonalizazio lortzeko.
Bizikidetza-unitateak egungo araudian –EAEren esparruan 126/2019 Dekretuaren 24. artikulua– aurreikusita eta jasota daude eta Foru Erakundea bultzada hori politika publikoko hainbat tresna abian jarriz gauzatzen ari da, adibidez bizikidetza-unitateak arautzen dituen Foru Dekretua –BAOn 2021/08/31n argitaratua– eta bizikidetza-unitateak itunetan sartzea. Kudeaketa zuzeneko adinekoentzako zentroak, eta horien artean daude Leioakoa eta obren bigarren fasea abian duen Elorriokoa, Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsizio Planaren ardatz eragileetakoa den neurri multzo honen barruan daude.