Leioako PPko Kanpaina Batzordeak Jon Albisu izendatu du alkategai

Erredakzioa 2023ko mar. 20a, 09:59

Jon Albisu PPko alkategaia izango da Leioan, maiatzaren 28ko udal-hauteskundeetan. © PP

Jon Albisu Zuzenbideko ikaslea da eta kirol-monitore bezala egiten du lan. 2019tik Alderdi Popularreko militantea da eta gaur egun Bizkaiko Belaunaldi Berrien idazkari nagusia, PPko Belaunaldi Berrien Eskubide eta Bermeen Batzordeko kidea eta Bizkaiko PPko Zuzendaritza Batzordeko kidea ere da.

Alkategaiak adierazi duenez, udalerria hobetzen laguntzeko eta bizilagunei bizitza errazteko aurkeztuko da alkatetzara. Hala adierazi du aste-akabuan, Leioako Aldapa Auditorioan egin duten aurkezpen-ekitaldian. Beragaz izan ditu, PPko Belaunaldi Berrietako gazteak, Esther Martinez Bilboko Udalerako hautagaia, Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko idazkaria eta Laura Garrido Euskadiko PPko idazkari nagusi eta Gasteizko PPko legebiltzarkidea.

Hautagaiak hainbat ideia proposatu ditu Leioarentzako, hala nola Avanzada erabat estaltzea, gaztentzako enplegua sortuko duen berrikuntza digitalerako eta industrialerako polo bat sortzea, udalerriko garapen ekonomikoa eta ongizatea sustatzeko erakunde autonomo bat bultzatzea, segurtasuna areagotzeko neurriak hartzea eta Lamiako eta Txopoeta auzoaren berroneratze-prozesua geldiaraztea eta berriro negoziatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun