Aniztasun funtzionaleko sektoreko langileek protestak abiatuko dituzte gaur

Ander Zarraga 2023ko mar. 27a, 15:13
Aurreko irailean Gaude enpresako langileek salatu zuten 1.000 bete zituztela hitzarmenagaz iraungita. © LAB

Bizkaian aniztasun funtzionaleko sektorean lan egiten duten Gaude, Aspace eta Gorabide elkarteetako eta Argia Fundazioko langileek indarrak bateratu dituzte eta hitzarmen duin baten alde ari dira borrokan. Horretarako, egunotan hainbat greba eta mobilizazio egingo dituztela iragarri dute.

Guztira, lau elkarteek 1.000 behargin inguru batzen dituzte Bizkaian, gehienbat emakumeak dira, eta zera salatzen dute: "Gure kudeatzaileakaz negoziatzeaz nekatuta gaude, gure hitzarmenak iraungi zirenetik (horietako hiru 2019an eta bat 2021ean) galdutako eros-ahalmena berreskuratzeko eskatzen dugun, baina baliabide ekonomikorik ez dutela esaten digute". Langileek gaineratu dute LAB, ESK eta ELA sindikatuek ere babesten dituztela euren aldarrikapenak.

Sergio Murillo Gizarte Ekintza Diputatuagaz batzartu direla ere azaldu dute, baina elkarteetako gerentziakaz negoziatzera bideratzen dituztela diote, langileen eros-ahalmena berreskuratzea bere gain hartuko duen akordio bat bermatzeko aukera dagoela bermatzen dien bitartean. "Aldi berean, gure gerentziek adierazten digute ez dagoela haien esku proposatzen dizkigutenak baino proposamen ekonomiko handiagoa egitea, ez baitute Aldundiaren abal ekonomikorik", deitoratu dute beharginek. Horrenbestez, arestian aipatutako elkarteetako beharginek eskatu dute komiteek, pilota batetik bestera botatzea uzteko eta gerentziak, langileak eta Aldundiak elkarregaz batzartzeko, baina orain arte ezinezkoa izan dela gaitzetsi dute, beraz, protestak areagotuko dituzte.

Gaur bertan, Gorabideko langileek manifestazioa egingo dute 18:30ean Bilbon. Bihar, martxoak 28, 10:30ean, Gaude, Aspace, Gorabide eta Argia Fundazioko langileek manifestazioa egingo dute Bilboko hainbat puntutatik abiatuta, eta 11:30ean Moyua elkartuko direla iragarri dute. Halaber, egun berean, 17:00etan, Gaudeko langileek kanpaldia abiatuko dute Leioako Amaia etorbidean dagoen elkartearen egoitzan; hurrengo eguneko 17:30ak arte egongo dira bertan. Eraberean, egun berean, hilaren 29an, Gaude elkarteko beharginek herritarrei eta langileei zabalik egongo den herri-bazkaria ere egingo dute 12:00etatik aurrera. Horrez gain, gainontzeko elkarteetako langileek protestak egiten jarraituko dute Bilboko kaleetan.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun