Gaude enpresa-batzordeko Ainize Guenagak azaldu duenez, "azken urteotan, gure eros-ahalmena % 30 inguru murriztu da, baina % 3 bakarrik igo digute KPIari lotutako soldata; gainera, lan-hitzarmena 2018tik dago agortuta. Exijitzen dugu hitzarmena berritzea eta KPIaren araberako igoera bat egitea gure soldatetan". Diotenez, langileek euren proposamena plazaratu dute, eta Aldundia horregaz ados dago, baina orain elkarteko zuzendaritzak onartu behar du proposamena hitzarmena sina dezaten.
Langileen bozeramaileak deitoratu du arazoa dela elkartearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko negoziazioak "blokeatuta" daudela, Gaudeko junta ez delako Aldundiaren berbagaz fidatzen: "Alde batetik, elkarteko batzordekoek diote ez direla fidatzen Aldundiak zor hori ordainduko duenik, eta bestetik, Aldundiak ez du bere hitza paper batean idatziz utzi". Horren ondorioz, zerbitzua jasotzen duten familiak eta beharginak gatazka horren erdian daudela salatu du.
Iragarri duenez, hilaren amaieran, martxoaren 27, 28, 29 eta 30ean, greba egingo dute, baldin eta hitzarmena negoziatzeko mahaia desblokeatzen ez bada. "Familiek eta erabiltzaileek gure eskaerak eta egoera ulertzen dituzte, eta beraiek ere deseroso daude egoera honekin", gaineratu du Guenagak.
Sektore osoa borrokan
Gogoratu dutenez, eskualdean aniztasun funtzionaleko sektoreko hainbat enpresa daude egoera berdinean, euren lan-baldintzak hobetzeko aldarrikatzen. Besteak beste, Apnabi enpresaren kasua azpimarratu dute, izan ere, horretako langileek hitzarmena berritzekotan daude, eta horien adibidea jarraitu gura dute Gaudeko beharginek ere.
Halaber, Gaudeko beharginek gogoratu dute 2022ko irailean 1.000 egun bete zituztela hitzarmenagaz iraungita eta denbora-tarte horretan hainbat aldiz bildu direla zuzendaritzagaz, horietan guztietan, beharginen proposamenei uko egin diela deitoratu dute. "Gure proposamenak argi daude, sendoak dira eta inoiz baino indarraldi handiagoa dute; ez dugu erosteko ahalmena galtzen jarraitu nahi, urte guzti hauetan % 14 baino gehiago galdu baitugu eta KPIari lotutako soldata-igoera eskatzen dugu, kontratu finko gehiago eskatzen ditugu, egun behin-behinekotasun tasa oso handi batean gaudelako eta lege iruzurrean egindako kontratazioekin, elkarteko langile guztientzako prestakuntza, euskalduntze-prozesua, lan-segurtasuna hobetzea, soldata-eskala bikoitzak haustea eta hautaketa-prozesu argi, garden eta objektiboak izatea".