Txakomic

Bizkaiko txakolina eta komikia uztartzen dituen ekimenaren hirugarren edizioa egingo dute apirilean

Erredakzioa 2023ko mar. 30a, 09:03

Aurtengo Txakomic edizioaren aurkezpena egin zuten martitzenean Bilbon. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Leioako Mendibile Jauregia eta Txakolin Museoa-Txakolingunea foru museoa berriz ere proiektu honen inguruan antolatuko diren jarduera guztien agertoki izango dira. Besteak beste, umeentzako tailerrak, dastaketak, kontzertu marraztua eta showcooking ilustratuak egongo dira.

Txakolin Museoa-Txakolingunea eta Mendibile Jauregia berriz ere Txakomicen agertokiak izango dira. Ekimen honek konbinatzen ditu txakolinaren tradizioa eta Euskal komikia, hau da, mahastigintza tradizionalaren eta gure lurraldeko kulturaren arteko konexioa. Hirugarren edizioa apirileko hirugarren eta laugarren aste-akabuetan garatuko dute, eta jardueren programak proiektuaren gainerako blokeak osatuko ditu: Historias con sabor a txakoli liburua editatzea eta komiki bertsioan beste liburu bat argitaratzea Bizkaiko txakolinaren historia kontatzeko.

Proiektu honen hirugarren eta azkeneko edizioaren aurkezpenean honako hauen partaidetza izan zuten: Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua, Ion Gorka Elgezabal Jata-Ondoko presidentea, Aixa Gaztelu Txakolin Museoa-Txakolinguneko zuzendaria eta Zuriñe Urrestarazu.

Ekimena Txakolin Museoa-Txakolingunearen, Mendibile Jauregia elkartearen, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailearen eta Jata-Ondo Uribeko Landa Garapenerako Elkartearen arteko lankidetzari esker sortu zen, Txakolin Museoa-Txakolingunea erakusketa oinarritzat hartu ostean. Ildo horri eutsiz, proiektuak 2021ean ikusi zuen bere sorburua, Bizkaiko txakolinaren tradizioa eta Euskadiko komikiaren artea elkartu zirenean herritarrei uztartze berriak erakusteko, kasu honetan Bizkaiko ardorik bereizgarriena eta marrazketa elkartu dira.

Jende ororentzako jarduerak

Txakomiceko hirugarren edizio honetarako jarduera-programa apirileko hirugarren aste-akabuan, 15ean eta 16an, hasiko da Bakioko Txakolingunean eta laugarren aste-akabuan, 22an eta 23am, amaituko da Leioako Mendibile Jauregian.

Besteak beste, honako jaduera hauek izango dituzte: umeentzako tailerrak, dastaketa komentatuak eta marrazkilari desberdinen komikiak, musikaren eta marrazketaren arteko elkartea edo Japoniatik Bizkairako bidaia showcooking ilustratuari esker.

Azkeneko jardueran marrazkilari batek istorio harrigarriak sortuko ditu zenbait osagai baliatuta, sukaldariek errezetak egiten dituzten bitartean. Horiek izango dira umeentzat eta helduentzat antolatu diren jarduera batzuk Euskadiko komikiaren eta txakolinaren arteko elkarteaz gozatzeko.

Jarduera hauetan izena emateko webgune bat egokitu da: uribe.eu/ms
Lotura honetan kontsultatu daiteke Txakomicen programazio osoa

Argitalpen bi

Jarduera horiekaz batera, Txakomicek bere argitalpenak editatzen jarraitzen ditu, proiektua martxan jarri zenean hasitako ildoari eutsiz.

Lehenengoari Historias con sabor a txakoli deritzote, eta Txakomic programa hasi zenetik argitaratu diren zazpi komikiak ditu. Istorio guztietan protagonista txakolina da, eta banaka nahiz kronologikoki argitaratu dira honako helbide elektroniko hauetan: https://bizkaikoa.bizkaia.eus/ eta https://bizkaikotxakolina.eus/es/webs.

Gidoilari bakarra du, hain zuzen, Mikel Begoña, baina ilustratzaile desberdinek marraztu dituzte, beraz, emaitza grafikoa oso anitza izango da. Bigarrena Bizkaiko txakolinaren historiari buruzko liburua da. Argitalpen hau komikiaren bidez modu dibertigarrian, baina, aldi berean, zehaztapen historikoa baztertu gabe, txakolinaren hasieratik gaur egun arte bilakaera islatzen saiatuko da. Bi argitalpen hauek irailean aurkeztuko dira Getxoko Komikiaren Aretoan eta abenduan Durangoko Azokan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun