Avanzada estaltzeko lanak apirilaren 17an abiatuko dituzte

Ander Zarraga 2023ko api. 3a, 08:45

Avanzada estaltzeko proiektuaren irudikatzea. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Lanak 41 hilabete iraungo dutela jakinarazi dute Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Garapeneko diputatuak eta Iban Rodriguez Leioako alkateak. Halaber, lanen garapenari buruzko informazioa emateko herritarrei arreta emateko bulego bat ere irekiko dutela adierazi dute.

Iragarritakoaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak Avanzada estaltzeko lanak Aste Santuaren ostean hasiko ditu, apirilaren 17an, hain zuzen ere. 65 milioi euroko aurrekontua duten lanon bitartez egunero batez beste 114.000 ibilgailuk zeharkatzen duten errepidea estaliko dute, Leioako erdigunea banatzen duen arrakala estaliz eta Boulevarden 4.500 metro koadroko azalera erabilgarria gehituz.

Obrek 41 hilabete beharko dituzte eta hainbat fase eta azpifasetan banatuta egongo dira. Lurralde Garapeneko diputatuak azpimarratu du proiektuaren zailtasun eta konplexutasun teknikoak behartuta hiriko eta trafikoko mikrokirurgia egin beharko dutela. "Hala eta guztiz ere, noranzko bakoitzeko bi erreiak mantenduko dira obrak egiten diren bitartean", gaineratu du Pradalesek.

Egitasmoa gauzatzeko erabiliko duten material kopurua ere nabarmendu dute arduradunek: 1.150.000 kilogramo altzairu ijeztu baino gehiago bideen gaineko egituretarako. Horrez gain, egitasmoari gaineratu behar zaizkio tunelak kanpoaldeagaz komunikatzeko 12 lurpeko ebakuazio-galeria eta egitura ustiatzeko beharrezkoak diren hainbat instalazio.

Halaber, herritarrei proiektuaren inguruko informazioa emango dien arreta-gunea ere aurkeztu dute Leioako Sabino Arana kaleko 52. zenbakian. Leioako alkateak nabarmendu duenez, "tamaina horretako obra baten, gorabeheren informazioa funtsezkoa da, ahalik eta eragozpen gutxien sor daitezen. Eragozpenak sortuko dizkiguten arren, obrak hasteko irrikan gaude leioaztarrak".

Xehetasunak

Aldundiko iturriek azpimarratu dutenez, estaldurak inguruko bizilagunen bizi-kalitatean eragin positiboa izango du, kutsadura akustikoa murriztuko baitu. Horretarako, zaratotsen aurkako 850 metroko pantailak ere jarriko dituzte tuneletako sarbideetan. Gainera, eta Txomin Aresti eskola osoaren, euskaltegiaren eta kontserbatorioaren gisako ekipamendu garrantzitsuetako babes espezifikoa hobetzeko asmoz, estalkia luzatuko egingo dute, Bilborako norabideko tunelaren ahora sartzeko, gaur egun dagoen oinezkoentzako pasabidearen ingururaino.

Horregaz batera, tuneletarako sarbidea emango duten bi ahoetako eraikuntza-soluzioa ere bereizi ditutze, bai Getxorako norabidean, bai Bilborako norabidean ere; egitura horiek material jasangarriak baliatuz birdiseinatu dituzte, lorezaintza bertikalean oinarritutako soluzio bategaz, paisaian integratzen laguntzeko.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun