Avanzada estaltzeko lanak 2023ko apirilean hasiko dituzte

Ander Zarraga 2022ko urr. 25a, 12:01

Aurreikuspenen arabera, onartu berri duten proiektuaren lanek 41 hilabete iraungo dute. Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak gaur egindako aurkezpenean iragarri duenez, lanetako batzuk gauez egingo dituzte eta noranzko bakoitzean gutxienez errail bat beti irekita egotea bermatuko dute.

Diputatuak Iban Rodriguez Leioako alkateagaz batera egin du proiektuaren aurkezpena gaur, urriak 25, eta, aurreratu dutenez, 65 milioi euroko kostua izango duten lanen lizitazioa azaroaren 7ko astean egingo dute. Halaber, azpiegituraren ezaugarriengatik zailtasun handiko obra dela azpimarratu dute; izan ere, 114.000 ibilgailuko egunezko batezbesteko intentsitatea du lanegunetan, eta kapazitate handiko bideetan Eskuinaldea eta Uribe Kostako korridorea lotzeko arteria nagusia da. 

Lanok BI-637 errepideak Leioan eragiten dituen zarata- eta kutsadura-arazoak ekiditeko behin betiko konponbidea izango direla azpimarratu dute: alde batetik, udalerria banatzen duen arrakala estaliko dute, aisialdirako eta oinezkoentzako gozamenerako eremu berria sortuz; bestetik, zaratak murriztuko dituzte azpiegituraren ondoan bizi direnentzat, eta, azkenik, tuneletako segurtasuna, argiztapena eta aireztapena hobetuko dituzte.

Pradalesek gaineratu duenez, "Leioako hirigune berria izango da, 4.500 metro karratuko azalera izango duena oinezkoentzat eta berdeguneak jartzeko. Eta milaka ibilgailuk aire zabalean igarotzen duten egungo lubakiaren gainean, Leioak 620 metroko bulebar berria izango du".

Leioako alkateak, bere aldetik, udalerriko bizi-kalitatea hobetzeko proiektuaren garrantzia azpimarratu du: "Inoiz baino gertuago daukagu Leioarako ezinbestekoa den proiektu bat, leioaztarrekin dugun zor bat, azkenean kitatuko dena. Estalketa horri esker, leioaztarren bizi-kalitatea hobetu ahal izango dugu, eta hiria hobetu elkartzen, kohesionatzen, lagunduko digu, hiria zeharkatzen zuen zauri handi bat herritarrentzako topagune berri bihurtuz".

Behin betiko estaldura

Gaurko aurkezpenean iragarri dutenez, estaldurak hobekuntza handia ekarriko die inguru horretako bizilagunei kutsadura akustikoari dagokionez, izan ere, zarataren aurkako 850 metroko pantaila jarriko dute galtzadaren ertzean. Gainera, Txomin Aresti Eskola, euskaltegia eta kontserbatorioa bezalako ekipamendu garrantzitsuko multzo osoaren babes espezifikoa hobetzeko helburuagaz, Bilborako norabideko tunelaren ahorako sarreran ibiltzeko modukoa izango ez den estalkia jarriko dute, gaur egun dagoen oinezkoentzako pasabidearen ingururaino.

Halaber, tuneletarako sarbidean izango diren bi ahoetako eraikuntza-soluzioa, bai Getxorako norabidean, bai Bilborako norabidean, material jasangarriak erabiliz birdiseinatu dituzte, lorezaintza bertikalean oinarritutako soluzioakaz paisaian integratzen laguntzeko.

Proiektuaren beraren magnitudea ere oso garrantzitsua dela nabarmendu dute: 1.150.000 kg altzairu ijeztu baino gehiago jarri behar dira zerbitzuan dauden bideen gainean eraiki beharreko egituretan, eta, guztira, 12 lurpeko ebakuazio-galeria daude, alboko bideak zeharkatu eta tunela bera kanpoaldeagaz komunikatzen dutenak, tunelak behar bezala ustiatzeko beharrezkoak diren instalazio ugariez gain.

"Ez dugu ahaztu behar konplexutasun tekniko handiko obra dela, hiri-mikrokirurgia eta trafiko-mikrokirurgia egin behar den ingurune baten. Hori dela eta, hainbat fasetan eta azpifasetan banatutako obra egin behar da eta lan-uharteak sortu behar dira egungo urbanizazioak berak mugatzen duen eta Bizkaia osoko trafiko-dentsitaterik handienetako bat duen ingurune baten. Onartutako proiektuan obrak egiten diren bitartean noranzko bakoitzeko bi erreiak mantentzea aurreikusten da", azaldu du Pradalesek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun