Boulevardtik abiatuta, Las Vegas edo Iparragirre zeharkaleko auzokideek eta elkartasuna adierazi zieten hainbat leioaztarrek hiriko kaleak zeharkatu zituzten, hasierako puntuan bukatzeko. Beste behin, euren etsipena salatu eta auzo duin bat izateko eskubidearen aldeko aldarrikapanakaz jarraituko dutela berretsi zuten.
Mobilizazioaren ostean irakurritako manifestuan egunero pairatzen dituzten eragozpenak zerrendatu zituzten: etxeetatik oso hurbil dagoen hondakinak batzeko kamioien aparkalekuko usainak, inguruko supermerkatuetara gauez doazen kamioi astunak, ondoko gasolindegiko autoak garbitzeko makinen zarata "jasangaitza" eta Lejoan Busa auzotik igarotzeko aldarrikapena.
Halaber, "Udalak huts egin digula" sentitzen dutela adierazi zuten, arazoak konponduko zituztela agindu zietelako, baina eragozpenek bere horretan jarraitzen dutelako. Sentitzen duten "etsipena, ezintasuna, bidegabekeria eta haserrea" euren aldarrikapenak bultzatzen jarraitzeko baliatuko dituztela ere azpimarratu zuten. Halaber, gaineratu zuten badakitela udalerriko beste auzo batzuetan euren atsekabe bera ere pairatzen ari direla.