Las Vegas auzoko bizilagunak "etsita" daudela diote eta mobilizazioetara bueltatuko direla iragarri dute

Ander Zarraga 2023ko mar. 2a, 13:19

Iparragirre zeharbideko bizilagunek iaz abiatu zituzten protestetako bat, artxiboko irudian. © IPARRAGIRRE ZEHARKALEA AUZO-ELKARTEA

Urtebete igaro da Leioako Udalak iragarri zuenetik zaborrak batzeko kamioien gordelekua lekualdatuko zuela, baina auzokideek salatu dute kamioiek eta kiratsak hor jarraitzen dutela. Adierazi dute Udalak ez duela agindutakoa bete eta euren bizi-kalitatea hobetzeko hasi zituzten elkarretaratzeak berrartuko dituztela; gaur, martxoak 2, 19:00etan, etxebizitzen ondoko gasolindegian jarri dute lehen hitzordua.

Las Vegas bezala ezagutzen den Iparragirre etorbideko bizilagunek 2021eko urrian hasi zituzten protestak, auzoko bizi-baldintza txarrak salatzeko eta Udalari hainbat eskaera egiteko. Beste askoren artean, honako eragozpen hauek salatu zituzten: etxebizitzetatik metro gutxira dagoen zaborrak batzeko kamioien gordelekutik eratorritako kiratsa eta zaratak, ondoko supermerkatura doazen kamioi astunen trafikoak eragindako enbarazua edo Avanzadako gasolindegiko auto-garbigailuak sortzen dituen zalaparta.

Deitoratu zuten eragozpen horiek guztiak euren atsedenerako eta osasunerako kaltegarriak direla, eta, azken finean, euren bizi-kalitateari eragiten diotela eta abandonatuta sentitzen direla. Horregatik, hainbat protesta egin zituzten eta euren kasua Udalbatzara eramatea lortu zuten.

Duela urtebete, Leioako Udalak zaborrak batzeko kamioien aldi baterako gordelekua lekuz aldatuko zuela agindu zien, hala adierazi zuen Mikel Abascal hirigintza arloko arduradunak aurreko martitzenean egindako Lurralde Batzordean. Baina kamioiek hor jarraitzen dutela gaitzetsi dute: "Leioako alkateek, parkea, urbanoa ez den beste eremu batera eramango zutela promesarekin, baina gure etxe ondoan jarraitzen duela ikustea besterik ez dago".

Orain, etsita daudela diote, Udalak ez baititu agindutako promesak bete: "Gure existentzia osoan, asko esaten duen eta ezer egiten ez duen Udalaren aldetik gurekiko eta gure bizi-kalitatearekiko erabateko lotsagabekeriaren sufritzaileak gara". Horrenbestez, eguenero egiten zituzten elkarretaratzeak berreskuratuko dituzte; lehena gaur bertan egingo dute, 19:00etan, auzunearen ondoko gasolindegian. 

Lejoan Busa

Euren aldarrikapen zerrenda luzetik Leioako autobus-zerbitzuarena ere dago. Diotenez, hirigunetik eta bertan dauden zerbitzuetatik isolatuta daudela sentitzen dute eta hori arintzeko Lejoan Busa bertatik igarotzeko ere eskatu zioten Udalari. "Auzoan adineko pertsona asko bizi dira, udalaren aldetik abandonatuta sentitzen direnak", gaineratu dute.

Azaldu dutenez, Udalak argudiatu du ezin dezakeela zerbitzu hori eman, arazoak eta eragozpenak daudelako udal-autobus batek udalerri horretako mugak gainditzeko eta beste baten eremuetatik ibiltzeko, kasu honetan Erandiotik. Baina hori konpontzeko egin beharreko tramiteak borondate politikorik ez dagoela ebatzi dute, eta horrek "isolamendu soziala" eragiten dietela deitoratu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun