XXIII. Umore Azoka

Dena prest umoreak Leioako kaleak har ditzan

Ander Zarraga 2023ko api. 12a, 11:07

Aurreko urteko Umore Azokak normaltasuna berreskuratu zuen, pandemiaren urteetan baldintza berezietan egin ostean.

Aurten, maiatzaren 18tik 21era bitartean, 90 emanaldi baino gehiagok Leioako kaleak beteko dituzte programazio indartua dakarren Umore Azokaren edizio berri batean. Egitarauak askotariko diziplinak eskainiko ditu, hala nola dantza, zirkua, performaceak, clownak, musika...

Leioako kaleak agertoki handia bihurtuko dira beste behin, maiatzaren 18tik 21era bitartean egingo den Umore Azokaren edizio berri batean. Aurten, Leioako Udalak kalean aritzen diren konpainientzako erakusleiho handi honen programazioa indartuko dutela iragarri du; izan ere, etorriko diren 43 konpainiek 90 ikuskizun eskainiko dituzte. 

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, urtez urte gero eta gehiago dira euren lanak lehen aldiz erakusteko Umore Azoka aukeratzen duten konpainiak. Berbarako, aurten 550 eskaera jaso dituztela azaldu dute antolatzaileek, horietako % 14 Euskal Herrikoak, % 56 Estatu espainiarrekoak eta % 30 nazioartekoak. 

Urtero legez, programazioak hainbat motatako ikuskizunak eskainiko dituzte, besteak beste, dantza, zirkua, performanceak, clownak, instalazioak eta mota guztietako musika-emanaldiak. Lau egun horietan, mota horietako ikuskizunik onenez gozatzeko aukera izango dela agindu dute antolatzaileek.

Emanaldiez gain, ez dira faltako kaleko ikuskizunak egin eta antolatzen dituzten profesionalei zuzendutako hainbat jarduera: hitzaldiak, liburu-aurkezpenak, EZE-Euskal Zirku Elkartearen aurkezpena, bilerak Flandriako kudeatzaileakaz, Euskadi-Portugal hitzarmena sinatzea kaleko arteetan lankidetzan aritzeko, Umore Meetings delakoek eta negozio-bilera azkarrak, besteak beste.

43 konpainia

Aurteno Umore Azokan parte hartuko duten 17 Euskal Herriko konpainiak hauek izango dira: Aukeran Dantza Konpainia, Andoni Aresti Dantza, Panta Rhei, Barré Taldea, Harrobi Dantza Bertikala, Hortzmuga Teatroa, Deabru Beltzak & Hortzmuga Teatroa, Kimua Dantza, La Glo Zirko eta Dantza Bertikala, Lekittoko Deabruak & Zozongo, Pantzart, Piszafaktoria Ideian Laborategi, Rojo Telón, Sokaire Violinistas, Trapu Zaharra eta Zirkozaurre.

Gainerako konpainiei dagokienez, Estatu espainiarreko hainbat lekutatik etorriko diren 16 konpainia egongo dira: Andaluziatik David Cebrian, Mariana Collado & Lucio Baglio, La Banda del Otro, Priyecto Kavauri eta Vaivén Teatro helduko dira; Gaztela-Mantxatik Capitán Maravilla eta Mario Enzo; Gaztela eta Leoitik Jean Philippe Kikolas, La Pequeña Victoria Cen eta Miguel Barreiro; Kataluniatik, Ambae Company, Pau Palaus, Jam eta Las Kakofónikas; Extremaduratik, Cía Chimichurri; Balear Uharteetatik Cía.Des-equilibrats; Madrildik, Non Sin Tri eta Trip de la Noria; Murtzatik, Uparte Konpainia eta Valentziatik, Jimena Cacalletti eta La Raro.

Gainera, nazioarteko sei konpainia ere izango dira Leioan: Frantziako Batcharte Dantza eta Collectif Primavez, Keniako The Black Bkues Brothers, Portugaleko Vaya eta La Wetumtum eta Suedia eta Franziako La Lazuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun