Iparragirre zeharkaleko auzo-elkarteko kideek azaldu dutenez, euren aldarrikapenak hasierakoak izaten jarraitzen dute: zaborra batzeko kamioien gordelekua euren etxeen ondotik kentzea, supermerkatuetako kamioi astunen trafikoagaz bukatzea eta gasolindegiko auto-garbitzaileen zarata mugatzeko neurriak hartzea, besteak beste.
"Auzoan modu duin batean bizi gura dugula aldarrikatzen ari gara eta Udalak hainbat neurri agindu zizkigun duela urtebete, baina ez dute ezer egin", salatu dute auzo-elkarteko bozeramaileek. "Zaborra batzeko kamioien gordelekua lekualdatzea onartuta eta gune berria finkatuta zegoen, baina ez dakigu zergatik oraindik ez dute ezer egin; gainera, horiek etxeetatik hain hurbil egotea ez da legezkoa", gaineratu dute. Halaber, gasolindegiko zaratak neurtu eta horien enbarazua ekiditeko panelak jarriko zituztela ere esan zien, baina deitoratu dutenez, oraindik ez dute ez bata ez bestea egin.
Horren aurrean, hurrengo maiatzaren 28ko hauteskundeen aurretik mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute. Gainera, protesta horietarako, Leioan aldarrikapenak dituzten beste auzo-elkarte batzuekaz elkartzeko asmoa dutela ere jakinarazi dute, hala nola Lamiako, Pinueta, Txorierriko auzo-elkarteak eta Barrios Conectados plataforma.