Lamiako Txopoeta Bizirik plataformako kideak pozik azaldu dira atzoko, hilak 23, manifestazioan lortu zuten babesagaz: "Oso ondo baloratzen dugu, 450-500 pertsona inguru batu ginen eta hori asko da guretzako".
Mobilizazioan, plataformako kideek auzo "bizigarri" bat gura dutela aldarrikatu eta euren eskaera nagusiak gogoratu zituzten beste behin: metroren erabateko lurperatzea, Lamiakoko ibarra modu jasangarrian berreskuratzea, auzoa zerbitzuakaz eta ekipamenduagaz hornitzea eta premien araberako etxebizitza-proiektuak garatzea, "ez eraikuntza-enpresen interesen araberakoak".