Urtez urte Umore Azokak hazten jarraitzen du, eta kaleko arte eszenikoen jaialdia erakusleiho erreferentea bilakatu da hemengo eta nazioarteko artista eta konpainientzat. Azoka, ikusleen gozamenerako abagunea izateaz gain, sektoreko profesionalen topagunea ere bada, horren adierazgarri da jaialdiko jardueretarako izena eman duten 300 profesionaletik gora: programatzaileak, hornitzaileak, ekoizleak, artistak... Izan ere, urte honetako edizioan, ikuskizunez gain, EZE-Euskal Zirku Elkartearen aurkezpena, Kaleko Arteen lankidetzarako Euskadi-Portugal hitzarmenaren sinadura eta Umore Meetings saioak ere egingo dira, besteak beste.
Horregaz batera, Leioako Udalak Umore Azoka antolatzeko erakunde publikoetatik jasotako babesa azpimarratu gura izan zuten atzo egin zuten jaialdiaren aurkezpenean. Horretarako, Iban Rodriguez alkatea eta Alberto Garcia antolaketaren koordinatzaileagaz batera izan ziren Begoña Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko kultura idazkari nagusia eta Aitziber Atorrasagasti Eusko Jaurlaritzako Kultur Saileko arduraduna.
16 estreinaldi
Aurtengo Umore Azokako 90 emanaldiak Leioatik sakabanatutako 17 tokitan izango dira, goizetik iluntzera. Ikuskizunak eskainiko dituzten 43 konpainien artean, 17 Euskal Herrikoak izango dira eta zortzik ikuskizun berriak estreinatuko dituzte. Horien artean, Barre Konapiniako Javier Garciak euskal arrantzaleei omenaldia egingo die Nao-Now-Nau ikuskizunean, Harrobi Dantza Bertikalak diziplina anitzeko Geure(R)a ikuskizuna erakutsiko du, Hortzmuga Teatro taldeak umorea eta kutsaduraren hausnarketa bateratuko dituen El viejo, el buzo y el mar lana taularatuko du eta Oscar Terolek zuzendutako eta Santi Ugaldek ekoiztutako Eutsi Ramon bunkerrak saltzeko komedia aurkeztuko dute. Era berean, Lekittoko Deabruak & Zozongo piroteknia eta mitologia bateratzen dituen ikuskizun ibiltaria eskainiko du.
Horiez gain, Estatu espainiarretik eta atzerritik etorritako hainbat konpainiak ere euren ikuskizunak eskainiko dituzte. Besteak beste, David Cebrian andaluziarrak WC lanean 48 urtegaz etxebizitza bat erostea lortu ostean, komun soil bat dela ohartzen den gizonaren istorioa kontatuko du. Eta La Banda de Otro konpainiak Rodeo zirku eta umore ikuskizuna eskainiko du, Ameriketako iruzurrezko rodeoa kontatzeko.
Nazioartetik etorriko direnen kasuan, Collectif Primavez konpainiak Laisse-moi zirku-dantza ikuskizuna eskainiko du, hizkera zirraragarri eta hunkigarriarekin, eta Wetumtum taldeak Crassh_DuoCircus lana p`roposatuko du, zuzeneko musikariakaz, malabarismoagaz eta zirkuagaz osatua.
Programazio guztia esteka honetan deskargatu daiteke.