Iban Rodriguez, EAJ: "Oraindik amaitzear dekoguzan hasitako proiektuak amaitu nahi dodaz"

Erredakzioa 2023ko mai. 22a, 10:00

Iban Rodriguez, Leioako alkatetza errepikatzeko EAJren hautagaia. © EAJ LEIOA

Leioako alkatetza errepikatzeko aurkeztuko da Iban Rogriguez EAJko alkategaia. Bere esanetan auzoetako behar-izanak, kiroldegi berriaren proiektua gauzatzea eta Avanzada dira Leioak gaur gaurkoz dituen erronka nagusietako batzuk, eta horiei aurre egiteko kudeaketa-gaitasun probatua duen lan-taldea duela azpimarratu du.

Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?
  • Hirigunea birgaituko dugu, Lamiakoko bulebarra egin eta Pinueta Berregiteko Plana abiarazi gure bizi kalitatea hobetzeko.
  • Etxebizitza publikoa bultzatzen jarraituko dugu leioaztarrak Leioan gera daitezen.
  • Jarduera ekonomikoa eta enplegu-politika aktiboak, lankidetza publiko-pribatuaren bidez, abangoardian egoten jarraitzeko.
  • Osasuna eta kirola estrategikoak direnez, pasealeku eta aire zabaleko kirol-guneak zabalduko ditugu, kiroldegi berria amaituta ikusteaz gain.
  • Erreferente gara hezkuntza eta kultura eskuragarrian. Posizionamendu hori sendotuko dugu, gure artista eta sortzaileen aldeko apustua indartuz.
  • Gure hizkuntza- eta kultura-ondarea indartu eta partekatzearen aldeko apustua egiten dugu, euskarak erabilera-eremuak irabazten jarrai dezan.
  • Garraio publikoa eta bere erabilera sustatuko ditugu, baita ingurumenarenzaintza arduratsua ere.
  • Berdintasun-politiketan aurrera egingo dugu, irmo: aukera-berdintasuna, bai eta berdinak izateko benetako aukerak ere.
  • Pertsona zaurgarriei arreta emateko baliabideak areagotuko ditugu, tratu hurbilenetik abiatuta. Elkartasunak komunitatea sendotzen du
  • Entzute aktiboa eta erabakiak hartzeko elkarrizketa areagotuko ditugu. Barrura eta kanpora begira. Auzokideekin, erakundeekin…
  • Leioa bizigarri, bideragarri eta bidezkoago bat.
Zeintzuk dira zuen ustez Leioak dituen arazo nagusiak?

Kiroldegi berriaren beharra argia da. Zorionez jada bideratuta dago eta hurrengo legealdian eginda ikusteko aukera izango dogu. Badago ere zor historiko bat Pinuetako auzoagaz eta Lamiakoko eraldaketa arazoa izatetik aukera bat izatera pasatu dala uste dot. Metroaren lurperatzea eta Lamiakoko dartsena leioaztarrentzako gureganatzeko aukera mahaigainean dago. Halaber, Avanzada gaur egun be arazo bat da herriarentzako.

Zer proposatzen duzue horiek konpontzeko?

Kiroldegi berria: esan bezala, bideratuta dago. Eraikuntza proiektua amaitzen dabilz eta horren ostean eraikitzeko lizitazioa burutuko dogu, ea urte amaierarako martxan jartzen dogun eraikitze prozesua.

Pinueta: bertan aparkatzeko arazoak larriak dira eta jadanik OTA jartzeko kontratazioa eginda dau eta hurrengo egunetan margotzen hasiko dira. Auzoak eukiko dauan lehenengo parking publikoaren proiektua mahaigainean dekogu, 270 aparkalekuekaz. Horrek ondoko kaleak oinezkoentzat egituratzea ahalbideratuko deusku. Era berean, goikaldean dauzen eskola zein ikastolekaz lotura mekanikoaren proiektua ere martxan dago, hala nola Cervantes plaza inguruko erreformaren proiektua ere.

Lamiako: Gaur egun erronka honi ekiteko mahai gainean jarri dan proiektu bakarra guk aurkeztutakoa da. Inork ez dau ezer gehiago aurkeztu eta auzoari azken bultzada emateko eta metroa lurperatu eta dartsena berroneratzeko ezinbestekoa da guk planteatzen dugun plan orokorraren modifikazioa.

Avanzada: gaur egun bideragarria dana eta arazoaren zati handi bat ekidiko duen obra martxan da.

Beste alderdiekin itunak sinatzeko prest zaudete?

EAJ/PNV beti dago akordioetarako prest. Oinarri bezala aurkezten dogun programa izanda, guztiekin berba egiteko prest egon gara beti.

Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?

Urte gogorrak izan dira amaitzear dagoan agintaldi honen lehenengo biak eta oraindik amaitzear dekoguzan hasitako proiektuak amaitu nahi dodaz. Ilusioa bardin bardin mantentzen dot eta daroagun taldea kristolakoa da, ezin hobea.

Horretaz gain, nik uste gure alderdiak berez dakarren kudeaketarako gaitasun hori eskaintzen dot, probatuta dagoen eredu baten eraginkortasuna, eta egonkortasuna.

Ilusioa, taldea, eredu baten bermea eta lana, lana, lana.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun