Aurten, Amagoia Garaizabal, Ana Guiberet, Carlos Morán, Fernando Marín, María Sánchez eta Luis Lozanok osatua dute Umore Azokaren epaimahaia eta, eztabaida luzeen ostean, palmaresaren berri eman dute. Munduko Ikuskizun Onenaren Saria Jimena Cavalleti Konpainiaren B.O.BA.S. (Banda Orquestal Benéfica de Actos Sepulcrales) antzezlanari eman diote. Epaimahaiak argudiatu duenez, “ikuskizun lotsagabe, ausart eta probokatzailea lortzen duen clown lan bikainagatik, publikoarekin inplikazio eta konplizitate handia sortuz”.
Euskadiko Ikuskizun Onenaren Saria Trapu Zaharra gipuzkoar konpainiaren ¡Dale, Ramón!/Eutsi, Ramon! lanari eman diote, “zalapartarik gabeko umoreagatik eta publikoarekin duen lotura hurbil eta zuzenagatik” eta “gai gisa, baliogabe uzten gaituen beldurra iradokitzeagatik”. Epaimahaiak oso ibilbide luzea duen konpainia honen lana baloratu du, “kale antzerki kritiko, zuzen eta gaur egungoa proposatzen jarraitzen duena”.
Azkenik, Epaimahaiak aipamen berezia egin gura izan dio Harrobi Dantza Bertikala konpainia gazteari, Geure(R)a ikuskizunagatik, zuzeneko musikaren, irudiaren eta dantzaren arteko fusio koordinatuagatik eta bere hari poetikoagatik. Azaldu dutenez, lan honen dramaturgiak “historian zehar duen emakumearen memoria zalantzan jartzen du eta galdera hauek egiten ditu: nortzuk diren gaur egun sorginak eta nortzuk zapaltzaileak”.