Maria Jose Peleteiro, EH Bildu: "EH Bildu prest dago gobernagarritasunerako akordioak sinatzeko hurrengo Udalaren indar politiko guztiekin"

Erredakzioa 2023ko mai. 23a, 10:11

Maria Jose Peleteiro da EH Bilduko alkategaia Leioan. © EH BILDU LEIOA

Mugikortasuna, Avanzada, etxebizitza edo naturaren zaintza dira EH Bilduren ardura nagusiak Leioako hurrengo agintaldiari begira. Maria Jose Peleteiro izango da koalizio abertzalearen hautagaia hurrengo maiatzaren 28ko udal-hauteskundeetan, eta, dioenez, beraien helburua leioaztarren bizitza "nabarmen" hobetzeko proiektuak gauzatzeko tresna izatea da.

Zeintzuk dira zuen ustez Leioak dituen arazo nagusiak?

Leioako arazoez hitz egiterakoan derrigorrezkoa da Avanzadari buruz mintzatzea. Kontuan hartu behar da Avanzada hiri-trafiko handienetako bat duen Estatuko autobidea dela. Gainera, hiru ikastetxe handiak eta EHU dagoen auzoetatik, metro-geltokia oso urrun dago. Kontuan hartu behar da EHUko Campusean 12.000 pertsona inguru mugitzen direla egunero langileen eta ikasleen artean.

Beraz, mugikortasunaren arloan hainbat erronka daukagu. Eta bidean dauden irtenbideek arazo hau konpondu baino, arazo berriak sortaraziko dituztela uste dugu. Leioa ezin da egunero milaka kotxe, autobus eta kamioren pasabide bat baino ez izaten jarraitu.

Bigarren arazoa da etxebizitzaren udal-kudeaketa. Badakigu etxebizitza arazoa ez dela ematen bakarrik maila lokalean. Baina datuek erakusten digute Leioako etxebizitzen batez besteko prezioa oso altua dela. Halaber alokairu publikoaren eskaintza oso eskasa da.

Hirugarren esparrua arlo ekonomikoa da: badauzkagu merkataritza gune handi asko, ekonomikoki bideragarria den hurbileko merkataritza sortzea ezinezko bilakatzen dutenak. Horren adibide da erdialdeko Sabino Arana eta Bilbao Libano kale komertzial nagusietan lonja huts asko daudela.

Laugarren arazoa naturaren zaintza-ezarena da. Azken urteetan oso urbanizazio prozesu handia egon da, eta ematen du ildo beretik jarraitu nahi duela gaurko tokiko gobernuak: Santsoena eta Santi Mami, baita Kurkudiko zoru natural babestua eta Lamiakoko hezegunea arriskuan daude.

Bidean omen daude Kiroldegi publikoa baita Institutua ere; baina bata eta bestea oso beharrezkoak izan arren, ez dira martxan egongo 2025 urtean baino lehen.

Zer proposatzen duzue  arazo horiek konpontzeko?

Mugikortasun arloan Aldundiak entzun behar du Leioako herria eta betiko irtenbidea eman behar dio Avanzada osoa estaltzeari. Orain egitekoa da, ez balizko etorkizun zehaztu gabea. Gainera metro-geltokia urrun dagoenez bai hiri barruko auzo-busa bai Bilbo, Txorierri eta Urdulizeko ospitalera joateko garraio publikoa hobetu behar da.

Etxebizitza arloan hainbat proposamen luzatu diogu tokiko gobernuari agintaldi honetan. Premiazkoa iruditzen zaigu zoru publikoan alokairuzko etxebizitzak egitea gazteentzat batez ere.

Bestalde, merkataritza-eremu berrietarako baimenak ez ematea proposatzen dugu eta tokiko komertziorako azterketa sakona burutzea plan estrategikoa egiteko.

Kurkudin dagoen komentuaren lurzoruarekin desklasifikazio prozesua bertan behera uztea exijitzen diogu tokiko gobernuari. Horrek ahalbidetuko du Udalak zoru horietan naturaren interpretaziorako zentro bat egitea eta zuhaitz birplantazioak bultzatzea. Ezin dugu ahaztu krisi klimatiko bete-betean gaudela. Biodibertsitatea zaindu behar da. Ezin dugu jarraitu lurrak artifizializatzen.

Zeintzuk dira zuen programako ardatzak?
  1. Lehenengo eta behin, datorren urteetan eztabaidagai egongo den gaietako bat izango denez, erdigunerako aldaketa puntuala birpentsatu behar da. Bere momentuan inkesta bat egin genuen eta argi gelditu zen jendeak erdigunean mantendu nahi duela oinarrizko kirol ekipamendua. Guk proposatzen dugu behintzat igerilekua, frontoia eta erabilera anitzeko gela bi han mantentzea. Gainera, pentsatzen dugu ia 400 etxebizitza berri gehiegi direla. Horietako 90 bakarrik izango dira babes ofizialekoak eta guztiak birkokapenak egiteko izango ez dira, beraz, nahikoak.
    Bestetik, egiteko diren beste 16 etxebizitza sozialetan proposatzen dugu autonomia mantendu baina behar bereziak dituzten pertsona nagusientzat etxebizitza kooperatiboak sortzea.
    Erdigunerako beste bi proposamenek osatzen dute programa: Alde batetik Barandiaran Institutu berria, Altzaga eta Mercedarias ikastetxeekin batera hezkuntza-gunearen beharrei begirako hirigintza-plana moldatu behar delarik. Eta  beste aldetik, Osasun zentroa,  konponketak behar dituena. Hori egiteko Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin adostea proposatzen dugu.
  2. Udondoko Ikaztegi zaharrean, hango bizilagunentzat zein bisitarientzat aparkaleku bat egitea beharrezkotzat jotzen dugu. Proposamen hau osatzen dugu bi asmo gehigarrirekin: batetik, lehenengo solairua Emakumeen Etxea sortzeko erabiltzea eta goiko solairuetan alokairuko etxebizitza sozialak egitea gazteen emantzipazio aukerak izateko.
  3. Aipatutako Kurkudi mendia babestuta mantentzea.
  4. Pinueta birgaitzeko proiektua agintaldi honetan ardatz bat izan behar da. Ezin da onartu atzerapen gehiago.
  5. Lamiako-Txopoetarako aldaketa puntualarekin aurrera ez egitea proposatzen dugu. Berehala eztabaidatuko dugu HAPOren lehenengo zirriborroa. Metroaren estalduraren proiektua ez dagoen bitartean, ez dauka zentzurik aldaketa puntualarekin aurrera jarraitzea. Gainera ez dago etxebizitza beharra zehaztuta eta Lamiakoko padura berreskuratzeko proiektua ere ez dago.
  6. Kirol arloari dagokionez gure proposamenak dira: Kiroldegi berria duina eta funtzionala, kirol klubekin eta herritarrekin batera adostua; auzoetarako kirol-instalazioak; rokodromoa Ondizko probalekuan jartzea; kirolerako diru-laguntzak hobetu eta kirol ezberdinetan genero-arrakala murrizteko ekimenak martxan jartzea.
  7. Herriko gazteen sorkuntza-gaitasuna bultzatzeko Gazte Faktoria martxan jartzea, Gazte Kontseilua osatzea eta aisialdirako eskaintza hobetzea eta gazteekin programatzea dira nagusiki Gazteentzako proposamenak.
Beste alderdiekin itunak sinatzeko prest zaudete?

EH Bildu prest dago gobernagarritasunerako akordioak sinatzeko hurrengo Udalaren indar politiko guztiekin. Hala ere, erabaki horiek beti lotuta egongo dira programaren inguruko proposamenekin. Ideia, proiektu eta proposamenen hurbilketa horrek ahalbidetuko luke adostasuna.

Guretzat, udal-gobernuan sartzea ez da berez helburua, baizik eta Leioako herritarren bizitza nabarmen hobetuko duten proiektuak gauzatzeko tresna.

Zergatik eman zuri botoa eta ez beste hautagai bati?

EH Bildu Leioa erakunde plurala izateak indar handia ematen dio, leioaztarren ordezkaritza zabala izanik. Beste aldetik, desberdinen arteko barne-eztabaidek eta ekarpenek herritarrei helarazten dizkiegun proiektuak aberasten dituzte. Gainera, urte hauetan frogatu dugu jendea zaintzea, mugimendu feministaren ekarpenak jasotzea, ekosistema naturalak eta auzoak defendatzea izan direla EH Bildu Leioaren ekintza politikoaren ardatz.

Pertsonok lurraren zati sentitu eta klima-aldaketaren aurka egitateekin eta ez diskurtso hutsarekin bakarrik borrokatzen garen talde-identitate berri bat eraikitzeko, subjektu politiko bat behar da, eta hori Leioan EH Bildu da.

Edonola ere, ziur gaude askoz gehiago egin daitekeela talde-bizitza euskalduntzeko, edota gazteen emantzipazioa errazteko etxebizitza eskuragarriak, hots, alokairuzko etxebizitza sozialak bultzatzeko. Izan ere, Leioako bizilagunekin eta elkarteekin etengabean gaude harremanetan haien beharrak eta proiektuak ezagutzeko, guztion artean gure herria eraikitzeko. Eta horretan jarraituko dugu datozen urteetan, tokiko gobernuan egon zein ez egon.

Eta, jakina, Euskal Herri subiranoaren eta justizia sozialaren alde sinesten eta lan egiten dugulako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun