Eguen gauean, ekainaren 22an, lehenengo musika-akordeak 22:30ean iritsiko dira txosna-gunera, Kai Nakai eta Merina Gris taldeen eskutik. Arabar abeslariak Merina Grisen pop sintetizatuagaz eta soinu freskoagaz txandakatuko du bere emanaldia. Justu ordu erdi geroago, 23:00etan, Ikaztegian Huntza taldearen kontzertua hasiko da, bere askotariko proposamen musikal erakargarriakaz hainbeste molde hautsi dituen seikote gipuzkoarra.
Barikuan, ekainaren 23an, Bizphiru Pelau taldearen txanda izango da, 22:30ean, txosna-gunean, eta bi ordu beranduago, 00:30ean, Chambaok bere ikuskizuna hasiko du Ikaztegian. La Mari, flamenco chili eta paloak musika elektronikoagaz; horiek izango dira Malagatik Leioako festetara ekarriko dituzten soinuak.
Zapaturako, ekainaren 24rako, kalitaterik oneneko musika geratuko da oraindik; egun horretan emanaldi biak iritsiko dira 22:30etik aurrera. Hala, Ikaztegian Olaia Inziartek irekiko du soinu-plaza, bere pop musika pertsonalagaz eta bere konposizio erakargarri propioetan kontatzen dituen bizipenakaz. Horren atzetik, Bulego, Azkoitiko boskotea; batzuetan rock-doinuakaz nahastu ohi dituzten pop erritmoei esker, Euskal Herriko musikan promesa bat baino gehiago bilakatu den taldea; beti gozarazteko prest dagoen proposamena, hain zuzen.
Akorde eta erritmo rockeroagoak nahiago dituztenentzat, heavy eta metal zale “gogorrek”, zapatuan, txosna-gunean, 22:30etik aurrera, Bizkaiko taldeen hirukotea izango dute: Basaki – Arene 6 – Iheskide. Kontzertu horretan, metal soinuak punkagaz tartekatuko dituzte, dezibelioetan graduazio handieneko rockagaz, bakoitza bere estilotik eta konfigurazio musikaletik.