Leioa Bizigarrik Udala eratzeko osoko bilkurara eraman ditu bere aldarrikapenak

Ander Zarraga 2023ko eka. 19a, 17:26

Zapatuan, Leioako Udalbatza osatzeko bilkura egiten ari ziren bitartean, hainbat herritarrek bat egin zuten Leioa Bizigarrik deitutako deialdiagaz. Azaldu zutenez, "elkarretaratzea egin dugu gure eskaerak aldarrikatzeko", eta, era berean, elkarrizketarako eta negoziaziorako mahai bat sortzea eskatu zioten Udalari.

Duela gutxi sortutako herritarren koordinakundeko kideek udal-gobernu berriaren arreta bereganatu gura izan zuten zapatuan. Azaldu zutenez, alde batetik, garrantzi handiko proiektuen inguruan arreta deitu gura izan zuten, Leioako interes orokorra eta biztanleriaren zati handi bat asetzen ez dutelakoan, eta, bestetik, auzoen eskaerei erantzutea eskatu zioten Udalari, "etsi-etsian eskatzen ari baitira Udalak premiaz bila ditzala beren arazoen konponbideak, eta horrela auzoetako bizitza duintzea behin betiko".

Kultur Leioaren atarian elkartu ziren herritarrek arrazoitu zutenez, zapatuan osatutako gobernu-talde berriak erantzun beharko die herritarren eskaerei eta auzoen arazoei. "Ez du balio interes orokorreko gaiei uko egiteak, eta errespetua zein elkarrizketa soziala eskatzen ditugu leioaztar guztien interesak defendatzeko Leioako biztanleak diren eta Udalaren esku-hartzea eskatzen duten horiekin", azpimarratu zuten.

Leioa Bizigarri osatzen duten eragileek dituzten gaiei heltzeko, "elkarrizketarako eta negoziaziorako mahai bat sortzeko prest" daudela adierazi zioten Udalari, "herritarren partaidetzarako politikak bultzatuz, euren alderdietako hauteskunde-programetan iragarri duten bezalaxe". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun