Leioa Bizigarri herritarren koordinakundeak manifestazioa deitu du domekarako

Ander Zarraga 2023ko mai. 10a, 16:31

Egin zuten azken manifestazioan, Lamiako Txopoeta Bizirik plataformak 500 herritar inguru batu zituen. © LAMIAKO TXOPOETA BIZIRIK

Aldarrikapen ezberdinakaz, baina Leioa herri bizigarriagoa egiteko helburuagaz batu ziren lau elkarteek –Barrios conectados, Las Vegas auzo-elkartea, Lamiako Txopoeta Bizirik eta SOS Kurkudi– manifestazioa egingo dute domekan, maiatzaren 14an. Mobilizazioa Leioako puntu ezberdinetatik abiatuko da 11:00etan eta Leioako Boulevarden elkartuko dira adierazpen bateratua irakurtzeko.

Aurreko astean, Leioa Bizigarri herritarren koordinakundea aurkeztu zuten lau plataformek iragarri zuten euren helburuen artean auzoetako arazo eta aldarrikapenak modu bateratuan azaltzea zela. Zeregin horretarako lehen hitzordua domekan ezarri dute, plataforma guztien arteko mobilizazioa handi bategaz.

Iragarri dutenez, 11:00etan Leioako lau abiapuntutik aterako dira, eguerdian Boulevarden bukatzeko. Batetik, Domingotarren komentu zaharraren inguruko lurretan egin gura duten kiroldegi pribatuaren aurkako SOS Kurkudi plataforma San Bartolometik abiatuko da; bestetik, hainbat protesta burutu dituzten Las Vegas auzoko bizilagunek Iparragirre zeharkaletik bertatik hasiko dute martxa; horiekaz batera, Lamiako eta Txopoeta auzoetarako hainbat aldarrikapen egin dituen plataformako kideak metro-geltoki ondoko lamiaren estatuatik abiatuko dira; eta, azkenik, Avanzada bere osotasunean lurperatzeko eskatzen duen Barrios Conectados plataformak ere bere eskaria eramango du mobilizazio horretara.

Leioa Bizigarri aurkeztu zutenean bere osatzaileek euren helburua honela adierazi zuten: "Arreta-deia izan gura dugu alderdien udal-kudeaketak benetan kontuan har ditzan herritarren elkarteak, auzoetako arazoen eta premien ezagutza eta bizipen hurbilenaren eramaile garen aldetik, eta auzotarrok ere Leioari zuzenean eragiten dioten erabakien parte izan gaitezen".

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun