Elkarrizketak

Koldo Tellitu: "Komunismora bidean lehiakortasuna egotea munduko gauzarik normalena zen jugoslaviarrentzako"

Ander Zarraga 2023ko uzt. 6a, 18:30

Gaur egun desagertuta dagoen arren, Jugoslaviak aztarna sakona utzi zuen. Hala azpimarratzen du Koldo Tellituk Neure Jugoslavia hain ulertu gabea bere liburuan. Horretan, esperientzia sozialista autogestionatuaren hainbat alde azaltzen ditu, besteak beste, historia, jugoslaviarren pentsamoldeak edo kirola. Bi zatitan banatuta, batetik, liburuan herrialde multzo hark izan zuen proiektua errepasatzen du, eta, bestetik, iragan sozialista horretatik geratzen diren eraikin eta lekuetatik bisita gidatu bat proposatzen digu.

Liburuan "jugonostalgikoa" zarela aitortzen duzu. Azaldu dezakezu Jugoslaviarekiko nostalgia hori nondik datorren?

Ideia hori ez da nire asmakizuna, erabiltzen den kontzeptu bat da, eta hara bazoaz horren inguru hamaika liburu ere aurkituko dituzu. Horren atzean dagoena da garai batean Jugoslavian landu zen esperientzia sozialista autogestionatua miresten dugunok dugun sentipena, pentsatzen dugunok proiektu hori berezia izan zela, baita bloke sozialistaren barruan ere. Esango nuke jugoslaviarrek bazutela bere harrotasuna euren proiektu sozialistarekiko. Zentzu horretan nik pentsatzen dut herrialde bakoitzak aurkitu behar duela komunismora bidean zein den bere hautua, eta Jugoslaviak hori praktikara eraman zuen.

"Jendeak gaur egun ikusten duena da gauzek okerrera egin dutela, eta horregatik badago horrelako jugonostalgia bat"

Zer da Titoren eta partisanoen Jugoslavia horretatik gaur egun geratzen dena?

Jendeak gaur egun ikusten duena da gauzek okerrera egin dutela, eta horregatik badago horrelako jugonostalgia bat. Azkenaldian, ekimen politiko batzuk egin diren arren, jugonostalgiak oraindik ez du forma esanguratsurik hartu, baina arlo kulturalean, feminismoan eta beste hainbatetan oso nabaria da, baina oraindik, politikoki formula berriak mahai gainean jartzea falta zaio. Bertara bazoaz, lehen Jugoslavia osatzen zuten herrialdeetara, oso nabarmena da eta herrialde batzuetan Jugoslaviako erreferentziak leku guztietan topa daitezke.

Nire liburuan esaten dudan bezala, beraiek ere harrotasun hori dute, Bigarren Mundu Gerratik datorkiena, orduan, beraiek inoren laguntza barik askatu baitziren. Atzera begira dagoen gizartearen parte hori ere badago, herrialde horietan kapitalismoa oso era basatian sartu delako, baina garai hartan estatuak bermatzen zituen gaur egun galduak diren gauza asko. Bestelako arloetan ere oso nabaria da jugonostalgia hori, kulturan eta kirolean bereziki. 

Edozein unetan hautsi daitekeen kapitalismoaren aurrean iraganeko ereduei begiratzeko joera ere hori badago nonbait, ez duzu uste?

Bai, Jugoslavian bereziki arlo ekonomikoan autogestio sozialistaren inguruan egin zuten apustua kooperatiben bitartez, eta hori ere liburuan jasotzen dut. Kuriosoa da munduan bi esperientzia kooperatibo nagusiak Jugoslavia eta Mondragoikoa izatea, eta liburua bi esperientzia horien arteko elkar-puntuak jasotzen ditut, bat baino gehiago baitago. Oso interesgarri da zati hori, aztertzen baitut bere garaian esperientzia horrek munduan izan zuen arrakasta eta nola egin zuen porrot. Hala ere, nik jarraitzen dut pentsatzen horretan sakondu ezkero, kooperatibismoaren balioak benetan zaindu ezkero, badela beste aukera bat kapitalismo basati horren aurrean. Are gehiago, azpimarratu nahiko nuke Marx eta Lenin eta guzti horiek kooperatibismoaren inguruan eraiki zituztela beraien ideiak. 

Zerk bereizten zituen Sobietar Batasuneko eta Jugoslaviako eredu ekonomikoak?

Laburbilduz, Jugoslaviak Sobietar Batasunarekin 1948an hautsi zuenean, horrek planifikazio estatalaren aldeko apustua egin zuen, aldiz, Jugoslavian autogestio sozialistaren aldeko apustua egin zen, hau da, langileei ahotsa eman zitzaien eta erabaki zen beraiek protagonistak izatea, baina, sobietar ereduan ez zen hori gertatu. Bakoitzak komunismora joateko bere bidea aukeratu zuen, baina nik atxikimendu gehiago dut jugoslaviarrek hartutako formularekiko. 

"Niretzako bat egiten duelako Jugoslavian kirolarekin gertatutakoak eta bere planteamendu politikoak"

Kirolak ere tarte handia dauka liburuan, zergatik? 

Niretzako bat egiten duelako Jugoslavian kirolarekin gertatutakoak eta bere planteamendu politikoak; hau da, autogestio sozialista horrek eragina izan zuen beraien lan egiteko eta pentsatzeko eran, nolabaiteko inprobisazio antolatua deritzona eman zen. Zuk Jugoslaviako talde bat ikusten zenuenean momentuan, jokatzeko eragatik bazenekien jugoslaviarrak zirela, beraien jokatzeko eragatik, bazirudien inprobisatzen ari zirela, baina ez, lanaren emaitza zen. Horren atzean ere bazegoen jugoslaviar herriaren pentsaeraren adibide bat.

Che Guevara Jugoslaviara joan zenean harrituta geratu zen kooperatibetan langileen artean ere konpetentzian ari zirelako. Berak ez zuen jugoslaviarren mentalitatea ulertu, beraiek oso lehiakorrak baitira, txikitatik eta bizitzako arlo guztietan. Komunismora bidean lehiakortasuna egotea munduko gauzarik normalena zen jugoslaviarrentzako, beraiek horrelakoak baitira. Saskibaloian hori oso nabaria da, eta gaztetik jasotzen duten formakuntzatik hasten da. Gainera, garai hartan zituzten formula asko oso eraldatzaileak izan ziren; adibidez, beraiek izan ziren multikirolak praktikatzen lehenak. Jugoslavian egon ziren kirolari handi gehienek bestelako kiroletatik ere pasatu ziren, gaitasun fisikoak lantzeko: futbola, tenisa, txirrindularitza... Liburuan horri ere garrantzia handia ematen diot.

Jugoslavia gainbeheran sartu eta azkenean desagertu egin zen. Nola jorratzen duzu hori liburuan?

Nik horren faktore endogenoak eta exogenoak aztertzen ditut liburuan. Alde batetik, 70. hamarkadan FMIk izugarrizko presioa egin zion Jugoslaviari eta garai horretan petrolioaren krisiarena izan zen eta Jugoslavia ukituta geratu zen, beraz, egoera ekonomikoak okerrera egin zuen. Bizitza estandarrak nahiko altuak zituen herrialdea zen; Espainia frankistakoa baino askoz hobeto bizi ziren ordura arte. Argi zegoen esperientzia sozialista autogestionatuak FMIrentzako desagertu beharra zeukala. Gero, horren atzean Alemania ere bazegoen, beraien helburu argia zelako Jugoslavia zatitzea, bereziki Esloveniarekin eta Kroaziarekin harreman estua zutelako eta presio ikaragarria egon zen hor ere; pentsa, herrialdeko horietako enpresen kapital asko Alemaniatik zetorren. Horiek dira nik aipatzen ditudan faktore exogenoetako batzuk.

Barruko faktoreei dagokienez, Tito desagertu arte egon zen bakea desagertu egin zen bere heriotzarekin. Slobodan Milošević agertu zen eta planteamendu panserbico oso bortitza egin zuen eta ekonomikoki ere nahiko liberala izan zen. Azkenean, gerran azaleratu ziren hor ezkutuan zeuden herrialdeen arteko hainbat gatazka. Gainera, 80. hamarkadaren hasieran egon ziren hauteskundeetan nazionalista sutsuenek irabazi zuten leku guztietan. Mendebaldeak ere herrialde horien independentziaren aldeko kanpaina egin zuen eta gerran NATO ere sartu egin zen, beraz, desegitea gauza geldiezina bilakatu zen. Liburuan, bereziki geratzen naiz garai hartako irudirik esanguratsuenekin, nire ustez urte horietan han gertatutakoa hobeto irudikatzen duten gertaerekin, hain zuzen.  

Gaur egun, herrialde horien artean oraindik ikusten ditugun arazoak kontutan izanda, uste duzu Balkanetako gatazkaren berpizkundea posible dela?

Gatazka ez da inoiz itzali, baina uste dut beraiek oso kontziente direla 90. hamarkadan gertatu zena errepikatzea ikaragarri latza izan daitekeela. Azkenaldian, Kosovo eta Serbiaren artean egon diren gatazka txikiak izan dira, baina pentsatzen dut beraiek kontziente direla gertatu zenarekin eta nolabait kontrolatu egiten dira, oraindik geratu zenari beldurra diotelako. Horrez gain, zentzu askotan gauzak hobetu egin direla ere esan behar da; adibidez,  kirolean, herrialde bakoitzak bere futbol-liga dauka, baina gero Adriatikoko Liga ere daukate eta talde guztiek jokatzen dute horretan.

Bestalde, serbiarrak Errusia eta Europaren artean ari dira jokatzen, Serbiako presidenteak Ukrainako gerra kondenatu zuen, baina Errusiaren alde dago eta beraien eta txinatarren diru asko jasotzen dute. Liburuan azaltzen dudanez, Dubai eta Qatar bezalako herrialde arabiarretatik ere diru asko sartzen ari da, eta izugarrizko eraikinak egiten ari dira egiten Belgradn, besteak beste.

"Niretzako esanguratsuak diren eraikin, monumentu edo lekuak deskribatzen ditut, beraien historia kontatzen dut eta niretzat zergatik diren garrantzitsuak eta erakargarriak kontatzen dut"
Liburua bi partetan dago banatuta. Bigarren erdia gida turistiko jugonostalgiko bat da, ez?

Bai, izan daiteke. Niretzako esanguratsuak diren eraikin, monumentu edo lekuak deskribatzen ditut, beraien historia kontatzen dut eta niretzat zergatik diren garrantzitsuak eta erakargarriak kontatzen dut. adibidez, Sarajeboko zubi latinoa aipatzen dut, non Franz Ferdinand Austriakoa hil zuten, eta azaltzen dut nola hasi zen Lehen Mundu Guerra. Leku guztien deskribapen bat egiten dut liburuan, baina era berean bere esanahi politikoa adieraziz. Horietako asko ez dira inongo turismo-gidetan azaltzen, hein handi batean lotuta daudelako partisanoen esperientziarekin eta autogestioarekin. 

Nola bururatu zitzaizun gida hori ere idaztea?

Printzipioz, lehen partea bakarrik idazteko asmoa nuen, baina gero sareetan horren inguruko gauzak igotzen nituenean jendeak galdetzen zidan herrialde horietara zihoala eta gomendioak eskatzen zizkidan; oraindik ere ia astero gertatzen zait. Beraz, erabaki nuen hori ere idatzi behar nuela. Hara bazoaz eta partisanoen eta autogestioaren inguruko esperientziak gogoko badituzu, hor aurkituko dituzu hainbat toki gida ofizialetan agertzen ez direnak. Gainera, toki horietako asko zoragarriak dira, baina askok komunismoarekin lotura handia dutenez, gida askotatik at geratu dira. Adibidez, Belgradn bazkaltzeko edo juergarako bizpahiru leku izugarri ere azaltzen ditut. Azkenean, nik nire esperientziatik hitz egiten dut, ezagutzen dudanetik eta bizi izan dudanetik horregatik da Nire Jugoslavia. 

HIRUKAk Koldo Tellituren liburua zozkagai du. Parte hartu nahi baduzu, egin klik hemen

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun