Elkarrizketak

Andoni Aresti: "Nire ametsa beti izan zen motxila beteta itzultzea nik hemen izan ez nuena eskaintzera"

Ander Zarraga 2023ko aza. 7a, 13:24

Andoni Arestik 27 urte eman zituen atzerrian ikasten, dantzan eta aktore-lanak egiten, besteak beste, Austrian, Italian edo Frantzian.

Dantzari eta aktore bezala atzerrian 27 urte eman ostean, Andoni Arestik bere bokazioa irakaslea izatea zela antzeman zuenean, bere jaioterrira itzultzea erabaki eta 2007an amestutako tokian bere dantza eskola ireki zuen. Ordutik, hainbat dantzari prestatu ditu, eta askok atzerriko konpainia eta eskola ezagunetan bukatu dute. Beragaz egon gara bere ibilbideari buruz gehiago jakiteko eta dantzak zer eman dion galdetzeko.

Azkenaldian, eskolan oso lanpetuta zabiltzatela ikusi dugu, zertan aritu zarete?

Bai, oso lanpetuta ibili gara hainbat proiekturekin, baina esan behar dut eskolarentzako oso ederra izan dela. Ekainean hainbat gauza egin genituen: telebistarako ekitaldi bat Campos antzokian, Artatza jauregian ere beste ikuskizun bat grabatu genuen, euskal dantzari buruzko ekitaldi bat ere izan genuen eta eskolako zortzi dantzari Frantziatik bira egiten ari dira euskal pilotaren inguruko produkzio frantses baterako.

Horrez gain, esperimentu berezi bat ere egin genuen, non lau koreografo profesionalek aste batean gure ikasleekin koreografia berezi bana prestatu zuten, gero antzezlekura eramateko. Proiektu hori oso berezia izan da gure dantzariek lau egunetan mota ezberdinetako dantzak prestatu behar izan dituztelako. Lan izugarria egin genuen, baina emaitza oso polita izan zen.

Era berean, ekainean azterketak ere egin genituen, urte batean dantza-eskolako ekitaldia egiten dugu eta bestean azterketak. Guk kontserbatorioetako programa paraleloki eramaten dugu, horrela, profesionalak izan nahi duten umeak hemen ikasi dezakete 5. edo 6. mailara arte, gero Gasteizera joan hala izateko, han baitako eskola profesionala eta horrela ez dituzte urte guzti horiek han eman behar. Hala ere, guk egiten ditugun azterketak ezberdinak dira, Europako puntako eskoletako irakasleak ekartzen ditugu epaile moduan, eta puntuazio bat jarri beharrean, ikasleen eta irakasleon lana aztertzen dute, beraien eskolekin konparatu eta hobetzeko gakoak ematen dizkigute. Guk ikasleei baliabideak jartzen dizkiegu kontserbatorioetan egiten diren azterketak egin ditzaten, baina noten presiorik gabe, eta denok hobetzeko helburuarekin.

Ikasturtearen hasieragaz proiektu berriei ere ekingo zenieten, zer kontatu ahal diguzu?

Frantzian pilota sustatzeko birarekin jarraitzen dugu, baina oraingoz ez dugu besterik hartu, iazko estresaren ostean lasaiago egon nahi dugu momentuz. Eskaintzak jaso ditugu, baina oraingoz gure ohiko programarekin jarraituko dugu: dantza klasikokoa, dantza estilizatukoa eta flamenkokoa eta dantza garaikideak eta folk. Ikasturte amaieran horien erakustaldia egingo dugu Campos antzokian, dantza klasikoenetatik modernoenetara joango den emanaldian.

Nola hasi zinen dantzaren munduan? 

Aitarekin hasi nintzen euskal dantzak egiten Leioan. Bera Txikia Dantza Taldeko irakaslea zen, eta egun batean, Leioako jaietan, dantza klasikoko irakasle batek dantzan ikusi ninduen eta nire gurasoei esan zien nigan interesa zuela. Egia esan nire bizitzako gauzarik garrantzitsuena izan dira nire gurasoak, beti izan baitira oso irekiak, eta orduan dantza klasikoa probatzera animatu ninduten. Hor hasi ziren nire dantza-ikasketak eta gerora Madrilera arte dramatikoak ikastera eta Frantziara goi mailako dantzen ikasketak egitera joan nintzen. Hortik Salzburgoko operako balletean hartu ninduten eta dantzari nagusi bezala bukatu nuen han.

Nola hasi zinen klaseak ematen?

Ni halabeharrez hasi nintzen klaseak ematen. Kritikaren saria jaso ostean, Salzburgoko balleta utzi eta Italiara nire burua berrasmatzera joatea erabaki nuen, eta ikasketa unibertsitarioak egiten hasi nintzen. Ikasten ari nintzela, klaseak emateko aukera izan nuen eta hor deskubritu nuen hori zela nire bokazioa; bizitza osoa goitik behera aldatu zitzaidan.

Zein momentutan erabaki zenuen Leioara bueltatzea?

Gaur eskola dagoen gune honekin aurkitu nintzen unean erabaki nuen bueltatzea. Oso estresatuta nengoen momentu hartan, ikasten eta hainbat produkziorekin, eta nire anaiarekin berba egiten esan zidan txikitatik ezagutzen genuen eraikin industrial eta itsusi hau ezagutzera etorri behar nintzela. Trenera joaten ginean beti ikusten genuen, baina ez nuen espero hemen hau aurkitzea: nire herrian, metro-geltokiaren ondo-ondoan, New Yorkekoa izan zitekeen gune bat. Niretzat toki hau aurkitzea seinale baten modukoa izan zen eta berehala etorri behar nintzela erabaki nuen. Nire ametsa beti izan zen motxila beteta itzultzea hemen izan ez nuena eskaintzera, eta horretarako gunea aurkitu nuela sentitu nuen.

Zer ematen dizu zuri dantza irakaslea izateak?

Nire bizitzan egindako gauzarik politena da pedagogia, askoz gehiago disfrutatzen dut irakasten dantza egiten baino. Irakastea maite dut, batetik, jendeari dantza egiten erakusteak ematen dizkidan aukerengatik, profesionala izatera bide horretan bidelagun izatea oso ederra baita, eta, bestetik, prozesu horretan umeek dantzaren bitartez hainbat gauza garatzen dituztela ikusten dudalako, hala nola norbera onartzea, gorputzen armonia, mugimenduaren bidez adierazten ikasten dutela… Beraien bizitzan inoiz dantzarik egin ez duten pertsona nagusiak ere etortzen dira eskolara, eta beraientzako urrea bezalakoa da, beraien burua berraurkitzen laguntzen dielako, eta behin tresnak jasotzen dituztenean, ez diote etortzeari utzi nahi. 

Horrez gain, nazioartera salto egin duten dantzariak ere pasatuko dira Andoni Aresti dantza eskolatik, ez?

Bai, konpainietan edo nazioarteko hainbat eskoletan dauden 27 dantzari ditugu. Hori guretzako oso gauza ederra da, bakoitzaren ametsen arabera lan egin dugulako eta nahi zuten lekura joatea ahalbidetu diegulako. Hainbat lekutatik etortzen zaizkigu ikasleak, baina ez dugu publizitaterik egiten, eskola ahoz aho zabaltzen delako; publizitaterik onena ikasleek zutaz ondo hitz egitea da. Niri dantza klasikoak dotorea izaten erakutsi dit, eta hori apala izatea ere bada, eta gauza askotan hanka sartuko dugun arren, saiatzen gara mundu guztia gustura egon dadin eta gainontzeko eskolekin ere harreman ona izaten.  

Nolakoa da eskolako lantaldea?

Nik asko sinisten dut gure taldean, uste dudalako eskolak duen ederrena hori dela. Jendearentzako usaimen ona daukadala esan dezaket, eta niretzat gauza garrantzitsua da lanera pozik etortzea, eta hori talde on batekin bakarrik lortu daiteke; ikasten jarraitu arazi, zalantzan jarri eta beldurrik gabe aldarazten zaituzten pertsonekin lan egitea, hain zuzen ere. Gainera, horrelako talde batek hainbat gauza egiteko aukera ere ematen dizu.

Zeintzuk dira Andoni Aresti dantza eskolarentzat dituzun ametsak edo etorkizunerako helburuak?

Gure helburua aurrera jarraitzea da. Momentu zailak pasatu izan ditugu, eta hain ondo funtzionatu duen proiektu bat pandemiaren ostean erortzekotan zegoela ikusi ostean, orain, nire helburua ahal ditugun pertsona guztiak erakartzen jarraitzea da. Erakutsi gura dugu dantza mezu bat igortzeko modu bat dela, jarrera bat dela, hain zuzen. Gure aita hil zenean, eskerrak eman genizkion etxean dantza eginez bizitzen irakatsi gintuelako. Berak beti esaten zuen gauza txarrak gertatu arren, sufritzen egon arren, dantzan jarraitu behar genuela. Askori agian horrek ez die ezertarako balio izango, baina beste askorentzako oso baliagarria da, eta dantza egitearekin eta profesionala izatearekin amesten duen jende horrentzat mezu garrantzitsua da. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun