Euskaraz eta euskal kulturaz blai egiteko hamaika aukera antolatuko dituzte Leioan

Erredakzioa 2023ko aza. 29a, 08:30

Domekan, Euskararen Nazioarteko Egunagaz batera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka egingo dute Leioan. © LEIOAKO UDALA

Euskararen Nazioarteko Eguna eta XXXIV. Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka egingo dituzte aste-akabuan Leioan, euskal ohituretan eta kulturetan oinarritutako jarduerak izango dituen programazio zabalagaz. Besteak besten, kaleak herri kirolez, bertsolariz, dantzariz, musikaz eta euskal gastronomiaz beteko dute abenduaren 2an eta 3an.

Eguenetik hurrengo astelehenera bitartean, Leioako udalak antolatuko duen programak euskara hutsean egingo diren aisialdi kulturaleko jarduerak ere hartuko ditu barne, batez ere adin txikikoei eta haien familiei zuzenduak egongo direnak, hala nola ipuin-kontalaria, escape room edo zine-saioak. Albiste honetan dago egun horietarako Leioako Udalak prestatu duen programazioa zehaztuta.

Iban Rodriguez Leioako alkateak adierazi duenez, aurten Euskararen Nazioarteko Eguna ohiko Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokagaz bat etortzeak "aukera ematen digu Leioak jai- eta aisialdi-kutsuko programazio zabala izan dezan hainbat egunetan zehar, bai eta euskarak eta landa-munduak betidanik izan duten lotura estua balioesteko ere".

Alde batetik, Rodriguezek adierazi duenez, "leioaztarrentzat Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka hau oso garrantzitsua da, oso egun berezia, nekazaritzari eta abeltzaintzari ematen diegun babesaren eta aintzatespenaren erakusgarri". Eta, bestetik, Leioako Udalak euskararen alde duen "konpromisoa eta apustua" ekarri ditu gogora: "Programatutako jardueren helburua da gure kultura eta ohiturak ikusaraziko dituzten eta euskararen erabilera normalizatzen eta sustatzen lagunduko duten familientzako aisialdi-guneak sustatzea", "euskara kaleetara atera, hitz egin, entzun eta bizi nahi dugu, gero eta euskaldunagoa den Leioa bat nahi dugu", azpimarratu du.

Azokaren egitaraua

Jai giroa abenduaren 1ean hasiko da, barikuan, Trikileku musika taldeak Estartetxe eta Iparragirre zeharkatuko ditu eta Udondoko txikiteroak taldeak gauza bera egingo du Udondoko Boulevardean, kasu bietan 19:30etik aurrera.

Zapatuan, abenduak 2, 11:30etik aurrera, herri kirolek Sabino Arana hartuko dute, txikienentzat diseinatutako tailerrakaz, hiru urtetik aurrera. Antolatzaileen helburua da familian gozatzea eta euskal herri kirolen inguruan gehiago ezagutzeko aukera izatea. Egun berean, 19:00etatik aurrera, Azoka Bertso Saioa egingo dute Boulevarden, Peru Vidal, Josune Aramendi, Unai Iturriaga eta Eli Pagolaren eskutik, Beñat Vidalek proposatutako gaiakaz.

Domekan, abenduak 3, 10:00etatik aurrera, Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka hasiko da. Oraingo honetan, Leioako Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokaren XXXIV. edizioak nekazaritzako produktuen 90 postu izango ditu, eta Boulevarden eta Jose Ramon Aketxe eta Errekalde plazetan banatuko dituzte postuak.

Goiz osoan zehar, animalien, behi eta idien, zaldien, ahuntzen eta ardien erakusketa izango da Errekalde plazan. Gainera, azokara bertaratzen direnek "Behirik politena" lehiaketan bozkatu ahal izango dute, eta saski baten zozketan sartuko dira, produktu desberdinakaz. Halaber, Jose Ramon Aketxe plazan falkoneria erakusketa egongo da.

11:00etan, euskal dantzen txanda izango da: Gure Ohiturak Dantza Taldea Boulevarden eta Txikiak Txiki Dantza Taldea Errekalde plazan. 12:30ean, Herri Kirolak izango dira Errekalde plazan, eta ordubete geroago, Idiazabal Gazta Jatorri-Deituraren Ekoizle Bizkaitarrentzako XXIII. Gazta Lehiaketa egingo dute Bizkaiko "Leioako Udala" ekoizleentzat, eta gazta dastaketa Boulevarden. Ordu berean, sasoiko perretxikoak eta onddoak eta Eusko Label sagardoa dastatzeko aukera egongo Ramon Aketxe plazan, Zazpi Mikologia Elkartearen eta Eusko Labelen laguntzagaz.

Animazioa Leioako Txistu Doinuak eta Udondoko Txikiteroak taldeek eskainiko dute. 12:30etatik aurrera, Leioa Musika Bandak kalejira egingo du eta 14:00etan gazta-lehiaketako sariak eta azokako produktuen saskiaren zozketa banatuko dituzte. Leioak 15:00etan agurtuko du aurtengo XXXIV. Azoka.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun