Leioako XXXIV. Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka oso arrakastatsua izan zela nabarmendu dute udal-iturriek. 12.000 pertsona inguruk gozatu ahal izan zuten nekazaritzako produktuen eta artisautzaren postuakaz, abereen erakustaldiakaz eta goiz osoan zehar programatutako jarduera ugarigaz.
Boulevardean eta Juan Ramon Aketxe eta Errekalde plazetan banatu zituzten nekazaritzako ekoizleen eta artisauen 90 postuak, baita azokan parte hartu zuten 105 abelburuak ere. Dastaketa gastronomikoak, herri kirolen, hegazti harraparien eta euskal dantzen erakustaldiak ere izan ziren.
Gastronomiari dagokionez, sasoiko onddo eta zizen eta Eusko Label sagardoaren dastaketan 2.200 baino gehiago pintxo banatu zituzten. Halaber, aurten, Idiazabal Gaztaren lehiaketaren XXIII. lehiaketa ere egin zuten, eta irabazlea Abadiñoko Aitor Urien izan zen, bigarren Markina-Xemeingo Santamañe Elkarte-Baskaran eta Zeanuriko Ipiñaburu hirugarren sailkatu zen.
Azokak bestelako lehiaketak ere hartu zituen, hala nola, aurten Bildotxik Muskizetik eraman zuen etxolak apaintzeko lehiaketa edo asturiar ale batek irabazi zuen Behi Politena lehiaketa. Azkenik, ohi bezala, azokako produktuakaz egindako hainbat otzara ere zozketatu zituzten parte-hartzaileen artean.
Euskal Kirolzaleak taldeak antolatutako herri kirolen erakustaldiek ikusle ugari bildu zituzten eta baita euskal dantza erakusltaldiek ere, Leioako Gure Ohiturak Dantza Taldea eta Txikiak Txiki Dantza Taldearen eskutik egin zituzten horiek. Aldiz, bertsolaritza-saioa abenduaren 2an, zapatuan, egin zuten, arratsaldez.
Leioako Txistu Doinuak Elkarteak, Leioa Musika Bandak eta Udondoko Txikiteroak jai giro ederrarekin animatu zuten eguna.
Era berean, aurtengo Leioako Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka Euskararen Nazioarteko Egunakaz batera egin dute, eta aste-akabu osoan zehar, azokaz gain, euskararen erabilera sustatzeko prestatutako beste jarduera batzuk ere egin dituzte, hala nola ipuin-kontaketa saioak, euskarazko zinema edo escape room.