Aste honetan sare sozialetatik zabaldutako bideo batean Lamiako Txopoeta Bizirik plataformako kideek ohartarazi dute Bilbotik Getxora joango den bulebarra egiteko lanetan hainbat harri erori direla itsasadarrera. "Errepidearen eta ibaiaren arteko horma kentzean nahita edo nahigabe hainbat harri erori dira itsasadarrera. Argitalpen horrekin lanen begirune falta salatu gura izan dugu eta neurriak hartu behar dituztenei dei egin gura izan diegu harri horiek batu ditzaten".
Azaldu dutenez, argazkiak inguruko auzotar batek atera zituen aurreko abenduan, eta berriki baieztatu ahal izan dute oraindik hor jarraitzen zutela. Momentuz ez dute Udalean salaketarik jarri, baina espero dute arduradunek hartu beharreko neurriak har ditzatela horrelakorik ez errepikatzeko.