Elkarrizketak

Lander Alvarez de Eulate: "Leioaztarrentzako Pinosoloko basoa oso berezia eta esanguratsua da"

Hodei Torres · Ander Zarraga 2024ko urt. 13a, 10:05

Basajaun da Pinosolo parkeko biztanle berria. Elementu organikoakaz eginda, Udaleko lorezain-brigadak bizitza eman dio Lander Alvarez de Eulateren ideiari.

Abenduan, Pinosolo parkean azaldu zen Basajaunen eskulturaren sortzailea da Lander Alvarez de Eulate. Bera Leioako Udaleko lorezaintza-brigadako kidea da, eta Mikel Ibañez de Aldekoa eta Mikel Ibarrondo Soba lorezaintza-brigadako bere lankideakaz batera eraiki du eskultura ikusgarria.

"Euskal mitologiak txikitatik erakarri nau, eta horrez gain natura eta eskultura ere asko gustatzen zaizkit, eta beti ibili izan naiz probatzen: garai batean, motozerrarekin egurrezko irudi batzuk egin nituen, burdinarekin ere egin ditut lan batzuk", azaldu du leioaztarrak.

Horrez gain, kontatu du bolada batean Arratian ere bizi izan zela eta Frantziako Les Grandes Personnes konpainiagaz batera Maurizia, Faso eta Leon musikari ospetsuen txotxongilo erraldoiak egiteko prozesuan ere parte hartu zuela. "Irudimena eta eskulturak egiteko interesa banituen, eta Pinosolo basoa leioaztarrentzako zerbait berezia eta esanguratsua da, basoa bihurtutako antzinako lorategia delako, ez da beste parkeen modukoa. Beraz, modu naturalean hori balioan jartzeko zerbait erakargarria egin nahi genuen, eta Basajaunek hori dena lotzen du: mitologia, eskultura eta naturari babesa eta errespetua", azaldu du Alvarez de Eulatek.

Eskultura eskura izan dituzten materialakaz egin dutela kontatu du: "Biltegian topatu ditugun gauzak erabili ditugu: belarriak zedro baten enborrak dira, hortzak hortik botata zeuden listoi batzuk, egitura lurrez egindako mendi bat da eta sare batekin eusten zaio formari. Begiak Sortzen ludotekako Eider Libanok margotu zituen".

Aurrera begira, ideia gehiago dituztela ere aurreratu du: "Basoa eta ingurua errespetatuz eta horren nortasuna galdu gabe, ibilbide bat egin nahiko genuke, Mikel Ibarrondori esker herriko lorategietan lan nahiko polita ere egin baitugu eta hori ere herrian ezagutzera emateko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun