SOS Kurkudik auzitegietara eraman du komentu zaharra urbanizatzeko HAPOaren aldaketa

Ander Zarraga 2024ko urt. 18a, 09:00

Kurkudi mendia, atzealdean Domingotarren komentu zaharra.

Kurkudi mendian egin gura duten gimnasio pribatuaren aurkako plataformak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri dio Domingotarren komentu zaharra urbanizatzeko HAPOren aldaketa puntualari. Besteak beste, plataformak argudiatu du 2001eko HAPOk balio natural eta paisajistikoagatik babesten duela eremu hori eta aldaketa plan horren kontra doala.

Neurria aurreko urriko Udalaren osoko bilkuran onartu zuten EAJ eta PSE-EE eta PPren aldeko botoakaz; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatu zuten. Leioako Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren aldaketa puntuala onartzeari esker, Peruri auzoan dagoen Domingotarren komentu zaharreko lurrak birkalifikatu eta eremua urbanizatzea baimendu zuten, bertan eraiki gura duten kiroldegi pribatuaren egitasmoan aurrerapauso erabakigarria emanez.

Bada, aurreko urtarrilaren 15ean, SOS Kurkudi plataformak Bilboko epaitegira eraman du Udalbatzaren erabakia. Plataformako kideek prozesua aurrera eramateko babes nahikoa lortu dutela adierazi dute eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri dute neurriaren aurka.

Azaldu dutenez, erabaki horren bitartez Udalak 27.000 metro koadrorainoko eraikuntza onartu zuen, orain arte, bere balio natural eta paisajistikoagatik lurzoru babestu gisa kalifikatu den eremuan. Halaber, Udalaren erabakiak 2001eko HAPOren araudiaren aurka doala argudiatu dute San Bartolome eta Artatzagane auzo-elkarteek eta Auzotarrok Kultur Elkarteak bultzatu zuten elkarteko kideek.

Udalak erabakia onartu zenean adierazi zuen egitasmo horrek kirol-zerbitzu gehiago eskainiko dizkiela leioaztarrei, 100 lanpostu inguru sortuko dituela eta proiektuak ez duela birkalifikatuko den lursail guztia okupatuko. Gaineratu zuten Udalak orubearen zati handi bat dohainik eskuratuko duela, "ingurumenaren ikuspegitik baliotsuena den 15.400 metro koadro inguruko lursaila", hain zuzen ere. "Horrela, inguruko berdeguneak mantenduko dira eta egungo basoa hedatzeko aukera ere egongo da. Ekimenak, gainera, paisaia-proiektu bat dakar beragaz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun