Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak adierazi duenez, herritarren eta Udalaren arteko komunikazio-kanal berri bat ahalbidetzea da helburua, herritarrek egoki eta beharrezkotzat jotzen dituzten gorabeherak "berehala eta zuzenean" helarazi ahal izan ditzaten. "Eguneroko eskaerekin bat egin nahi dugu, gure kale, plaza edo parkeetatik paseatzen duenak eta zerbaitek funtzionatzen ez duela, egoera onean ez dagoela edo hobetu daitekeela ikusten duenak modu errazean jakinaraztea", azaldu du alkateak.
Gainera, alkateak nabarmendu duenez, "tresna honen erabilera egokia erantzunkidetasun ariketa bat da, guztion artean gure udalerria mantendu eta hobetzeko lankidetza, gure leloa, Leioa Gurea, guztion Leioa, on eginez".
Arina, erraza eta erosoa
Aplikazioa Android sistema eragilerako zein IOS sistemarako garatu dute; aplikazioa erabili gura den gailuan deskargatu besterik ez da egin behar, eta gorde edo gogoratu behar den erabiltzaile eta pasahitz bategaz erregistratu.
Tresna berriaren erabilera "erraza eta intuitiboa" da, eta intzidentzia berri bat sortzeko, "+" ikonoa sakatu behar da, eta pantaila bat irekiko da, bete eta aukeratu beharreko hainbat aukeragaz: argitalpena egiteko erabiliko den izena eta dagokion gaikako kategoria (animaliak, argiteria, garbiketa eta hondakinak, saneamendu-sareak, gizalegea, espazio publikoa edo berdeguneak, mugikortasuna, kultura, kirolak, udal-eraikina eta -instalazioak, hiri-altzariak edo beste batzuk), bai eta izenburuarentzako, deskribapenerako eta gorabehera gertatzen den lekurako eremuak ere.
Gainera, LeioAppek aukera ematen du intzidentziaren deskribapena modu bisualean osatu eta xehatzeko, haren irudiak erantsiz. Informazio-koadroak osatu ondoren, erabiltzaileak aukeratu ahal izango du ea intzidentziaren eta erantzunaren eta horren ondoriozko ekintzen garapena publikoak izatea gura duen, aplikaziora sartzen den pertsona orok ikus dezakeen, hain zuzen, edo, bestela, erabiltzaileak berak bakarrik ikus dezakeen, hura sortzen duen pertsonak.
Urrats horiek egin ondoren, amaitzeko botoia sakatu behar da, eta intzidentzia dagokion udal-eremura iritsiko da, ahalik eta lasterren erantzuteko. Aplikazioak norberak sortutako gorabeheren bilakaera ikusteko aukera ere ematen du, baita txat baten bidez Udalagaz zuzenean elkarreraginean aritzeko ere.
2023-2027 Aginte-plana
LeioApp Leioako 2023-2027 Agintaldi Planean jasotako ekimenetako bat da, udal-zerbitzuen modernizazioan aurrera egiteko tokiko estrategiaren zati gisa, horrela kudeaketa eraginkorragoa eta eraginkorragoa lortzeko, herritarrekiko hurbilekoa izateaz gain. Zehazki, aplikazio teknologiko horren garapena Leioa Abierta eremuan kokatzen da, Gobernantza eta Gardentasuna erronkaren proiektu gisa.