Artatza jauregia "Cicatriz" telesaioko eszenatokia ere izango da

Erredakzioa 2024ko ots. 9a, 09:29

Milena Radulovic, Juanlu González eta Luis Fernández dira Juan Gómez-Juradoren bestseller honen pantailarako egokitzapenaren protagonistak. © LEIOAKO UDALA

Leioako Artatza Jauregia beste filmaketa baten agertokia izan da aste honetan. Oraingoan, Miguel Angel Vivasek, Manuel Carballok eta Alejandro Bazzanok zuzendutako Cicatriz telesaiorako hainbat eszena filmatu dituzte eraikin historikoan. Serie honen gidoilariak Veronica Marza, Pablo Roa eta Fernando Sancristobal dira, azken hauen bien lanen artean; Vis a Vis, Toy Boy edo La Casa de Papel daude, besteak beste.

Iban Rodriguez Etxebarria alkatea, Estibaliz Bilbao Kultura zinegotziagaz eta Pedro Arceredillo Sustapen Ekonomiko eta Turismoko zinegotziagaz batera, filmaketara hurbildu da horretan lanean dauden profesionalak agurtzeko. Leioako alkateak adierazi duenez, "horrelako ekimenak oso garrantzitsuak dira gure udalerriarentzat, bere erakargarritasuna eta ondare historikoa, kasu honetan Artatza Jauregiarena, ikusarazten laguntzen dutelako".

Gainera, Rodriguezek azpimarratu duenez, "ikus-entzunezkoen industria Leioara erakartzeak, hau da, argiztapenaren, grabazioaren, makillajearen eta jantzien arloko profesionalak, beste askoren artean, gure udalerrira mugitzeak eta bertan lan egiteak, filmaketaren esparru profesional hori dinamizatzeaz gain, gure tokiko ekonomiarena ere dinamizatzen laguntzen digu".

Ildo beretik mintzatu da Arceredillo zinegotzia ere, eta nabarmendu duenez, "Udalaren helburuetako bat da Leioako ekonomia, merkataritza eta turismoa biziarazten duten aukera guztiak sortzea eta aprobetxatzea".

Kultura zinegotziak, bere aldetik, gogorarazi du Agintaldi Planak berak ezartzen duen erronketako bat dela Leioa zinemaren hiri gisa bultzatzea, eta, ildo horretan, esan du "filmaketa mota hauek ezarritako helburuak lortzen laguntzen digute, Cicatriz-eko honi beste batzuek jarrai diezaioten lanean ari gara".

Milena Radulovic, Juanlu Gonzalez eta Luis Fernandez dira Juan Gomez-Juradoren bestseller honen pantailarako egokitzapenaren protagonistak. Stefan Kapicic, Mladen Sovilj, Goran Susljik eta Julen Serrano ere talde nagusiko kideak dira. Telesaila Plano a Planok eta Dopaminek ekoitzi dute, Asacha Media Group eta Adrenalinen laguntzagaz, RTVE, Prime Video eta Telekom Srbijaregaz batera. Cicatriz baino lehen, Artatza Jauregian beste telesaila batzuk egin dira, hala nola 30 monedas, Alex de la Iglesiak zuzendua edo Intimidad.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun