Euskal emakume alpinista eta eskalatzaile aitzindarien erakusketa ikusgai dago Leioan

Erredakzioa 2024ko ots. 21a, 13:55

Leioako Udalak, Leioa Mendi Taldeak eta Euskal eta Nafarroako Mendizale Federazioak antolatu dute erakusketa. © LEIOAKO UDALA

Martxoaren 9ra arte, Gailurretan izan gaitun, mendizale, alpinista eta eskalatzaile aitzindariak, 1924-2024 erakusketa egongo da Kultur Leioako erakusketa aretoan. 20 panelen bitartez, emakumeek mendiko kirol-modalitateetan azken 100 urteetan izan duten parte-hartzea aitortu gura izan dute. Halaber, erakusketak bat egingo du egunotan egiten ari diren Leioako Mendi Asteagaz.

Iban Rodriguez Etxebarria Leioako alkateak Gailurretan izan gaitun, mendizale, alpinista eta eskalatzaile aitzindariak, 1924-2024 erakusketa inauguratu zuen atzo, Kultur Leioan, martxoaren 9ra arte. Erakusketa Euskal eta Nafarroako Mendizale Federazioak antolatu du, bere mendeurrena ospatzeko, eta Iruñan lehen geldialdia egin ondoren iritsi da Leioara. Horren helburua da azken 100 urteetan emakumeek mendiko kirol-modalitateetan izan duten parte-hartzea ikusaraztea eta aitortzea.

Inaugurazio ekitaldian, Iban Rodriguez Etxebarria alkatea eta Estibaliz Bilbao Kultura zinegotziagaz batera izan ziren Euskal Mendizale Federazioko presidente izandako eta Euskal Mendizale Federazioaren Mendeurrenaren Batzordeko kide den Antonio Ortega, Euskal Mendizale Federazioko lehendakariorde eta Euskal Mendizale Federazioaren Mendeurrenaren Batzordeko kide den Ricardo Hernan, Euskal Mendizale Federazioko kide Mireia Trigueros, Leioa Mendi Taldeko presidente den Santiago de Diego eta klub horretako kide diren emakume ordezkariak.

Erakusketatik ibilaldi bat egin ondoren, Leioako alkateak azpimarratu zuenez, "erakusketa hau mendiaren munduan aitzindari izan ziren emakumeei egindako omenaldia da, gailurretara iritsi ziren baina, batez ere, estereotipoak eta kristalezko sabaiak hautsi zituzten emakumeei, eta baita emandako pausu horiek jarraitu egin direnei, haiek direlako duela mende bat oztopoak eta zailtasunak gainditzeko egindako ahalegin eta konpromiso horrek merezi izatea eragin zutenak".

GGaineratu zutenez, Gailurretan izan gaitun, mendizale, alpinista eta eskalatzaile aitzindariak, 1924-2024 erakusketak kultura, kirola eta feminismoa bateratzen ditu. Hori dela eta, Leioako Udalak erakusketaren datak aukeratu ditu, M8aren, Emakumeen Nazioarteko Egunaren, Mendi Astea eta Mendi Tour ekitaldiakaz bat egiteko.

Horregaz batera, aste honetan mendiagaz lotutako hitzaldi, topaketa, proiekzio, film labur eta dokumentalez betetako programazioa dute, Leioako Udalak antolatua, Leioa Mendi Taldearen eta Mendi Film Festivalen laguntzagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun