Leioako Berdintasunerako 5. Plana diseinatzeko prozesua abiatu dute

Erredakzioa 2024ko mar. 7a, 16:00

Plana osatzeko galdesorta bat bete daiteke Udalaren webgunean. © LEIOAKO UDALA

Modu parte-hartzailean, Leioako Udaleko ordezkari politikoen, teknikarien, gizarte-eragileen eta leioaztarren artean egiten ari diren planaren helburua nagusia hau da: plan bat sortzea herritarrengandik hurbil egongo dena, berdintasunaren alorrean datozen urteetarako erronkentzako definizioagaz eta orientabideakaz.

Leioako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana abian jartzeko prozesua abiatu du Leioako Udalak. Diseinua modu parte-hartzailean eta elkarlanean egingo dutela iragarri dute, ordezkari politikoen eta Udaleko teknikarien, gizarte-eragileen eta leioaztarren artean.

Laburbildu dutenez, V. plan honen helburu orokorrak hauek dira: berdintasuneko aurrerapenak eta hobekuntzak ezagutzea, lau urteko lanaren ondoren; datozen urteetarako berdintasunaren arloko plangintza eta orientabideak zehaztea; Leioako udalerritik gertu dagoen plan errealista bat izatea; plan bat egitea herritarrakaz eta herritarrentzat; berdintasunaren presentzia handitzea udal-agendan, haren jarduera eta eremu guztietan eta berdintasunerako gobernantza lantzea udal-arlo guztietan.

Gainera, beste helburu espezifikoago batzuk ere nabarmentzen dituzte, hala nola Udaleko arlo bakoitzean berdintasunaren erreferenteak identifikatzea Berdintasun Sailaren Batzordea osatzeko, aurrera egiten jarraitzeko indarguneak eta hobetu beharreko arloak identifikatzea, eta langileak berdintasunaren arloan sentsibilizatzea, besteak beste.

Ebaluazioa eta diseinua

Plan berriaren zati gisa, Udalak hainbat topaketa eta elkarrizketa jarriko ditu abian udalerrian berdintasunaren arloan inplikatuta dauden eragileakaz, eta galdetegi bat ere emango dute, genero-desberdintasunagaz amaitzeko Leioan garatutako ekintzei buruz herritarrek duten balorazioa eta ezagutza jasotzeko.

Galdesortara zuzenean sartu eta bidali daiteke esteka honetan klik eginez, udalaren web orritik ere jaitsi daiteke baita berdintasuna@leioa.eus helbidera bidali.

Azkenik, ebaluazioaren eta diseinuaren zati gisa, dauden datuak eta estatistikak berrikusiko dituzte, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan zer aurrerapen egin diren eta zer gai hobetu behar diren jakiteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun