Aurreikuspenen arabera, solairu guztiak pixkanaka eta faseka eraldatzeko prozesua egin ondoren, prozesua 2026an amaituko dute. Orduan Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen mendeko zentroak 132 egoitza-plaza izango ditu, sei bizikidetza-unitatetan banatuta. Era berean, lehenengo solairuan Uriberako Eskualdeko Erreferentziako Zentro berria hartuko du 25 plazako unitate soziosanitario bategaz.
Bizkaiko Foru Aldundiak aurreko eguernean jarri zituen abian Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen mendekoa den Leioako egoitza-zentroak izango dituen sei bizikidetza-unitateetatik lehenengo biak. Bi bizikidetza-unitateak independenteak dira eta eraikinaren laugarren solairuan daude. Unitate bakoitzak bere 20 logeletan gehienez 22 pertsona hartzeko edukiera duela azaldu dute. Era berean, unitate bakoitzean elkarbizitzarako eremu komunak dituzte, egoteko gunea, etxeko sukalde ireki eta jantokia eta terraza dauden gunera integratua, egoiliarrek euren bizi-proiektuagaz jarraitu ahal izan dezaten, etxe baten antzekoena den ingurunean.
Zentro horretan, bizikidetza-unitateetan antolatutako arreta pertsonalizatuagoa eman gura diete egoiliarrei, komunitateari irekia, eta laguntza behar duten pertsonen behar, gura eta itxaropenei erantzuna emango diena, haien eskubideak eta nortasun biografikoa errespetatuz.
Zentroa bizikidetza-unitate bihurtzeko prozesua 2026an amaitzea aurreikusi dute. Prozesua amaitzen dutenean, Leioako egoitza sei bizikidetza-unitatetan egituratuta egongo da. Eraldaketa honen kostua 20,8 milioi eurotik gorakoa izango dela zehaztu dute eta Next Generation EU funtsakaz finantzatuko dute, Eraldaketa, Berreskuratze eta Erresilientziako Estatuko Planaren esparruan.
Era berean Leioak 25 plazako unitate soziosanitarioa ere izango du, eta Uriberako Eskualdeko Erreferentzia Zentro berria hartuko du, une honetan Bilborako jada martxan dagoen Birjinetxeren ereduari jarraituz garatuko dutena. Ildo horretatik, Leioa bere inguruko egoitzakaz lanean ari da daborduko.
Obra-prozesu mailakatua
Zentroa egokitzeko eta hobetzeko obrak arian-arian egiten ari direla azaldu dute Aldundiko iturriek, zentroan bizi eta lan egiten duten egoiliarrak eta profesionalak ere bertan daudela egin behar baitira. Ildo horretatik eragin ditzaketen kalteak minimizatzeko beharrezko neurri guztiak hartzen ari direla azpimarratu dute.
Egoiliarrak martxan dagoen laugarren solairuko bi bizikidetza-unitateetara lekualdatzen direnean, datorren astean eraberritze-lanak lehenengo solairuan hasiko dira, aipatu den unitate soziosanitarioa sortzeko. Ondoren, pixkanaka bigarren eta hirugarren solairuetan aurreikusitako obrei ekingo diete, bizikidetza-unitate bihurtzeko eta horrelako beste lau gehitzeko.