Zein izango da aurtengo Leioako sanjoanetako kartela?

Ander Zarraga 2024ko apirilaren 23a

Leioako San Juan jaietarako kartel finalistak. © LEIOAKO UDALA

Aurtengo jaietako irudia izango den kartela aukeratu daiteke Leioako Udaleko kultura webgunearen bitartez edo aurrez aurre Kultur Leioan. Herritarrek gustukoen dituzten lanak bozkatu ahalko dituzte apirilaren 29ra arte, eta bozkatuena izango da San Juan jaietako aurtengo kartel iragarlea. 

Leioako Udalak gaur ireki du 2024ko San Juan jaietako kartela aukeratzeko herritarren bozketa-epea, apirilaren 29ra arte, astelehena barne.

Horretarako, kuadrilletako ordezkariak eta kulturaren, diseinuaren eta komunikazioaren munduagaz zerikusia duten pertsonek osatutako epaimahai batek bost kartel finalistak aukeratu ditu lehiaketa honetara aurkeztutako 19 proposamenen artean.

Leioaztarrek behin bakarrik bozkatu ahalko dute gustukoen dituzten hiru kartelei 3, 2 eta 1 puntuazio emanez, Leioako Udalaren kultura webgunearen bidez edo Kultur Leioan, bertan baitaude ikusgai lan finalistak.

Epaimahaien eta hiritarren boto gehien jasotzen dituen kartela 2024ko San Juan jaietako irudia izango da.