Leioaztarrek Aurrekontu Irekietako zein proiektu garatuko diren aukeratu dezakete

Erredakzioa 2024ko mai. 3a, 09:19

Bozketarako inprimakiak Udalari helarazi ahal izango zaizkio telematikoki, udal-bulegoetan edo kalean jarriko dituzten postontzietan. © LEIOAKO UDALA

Leioako Udalak martxan jarri du 2025eko Aurrekontu Irekien bigarren fasea. 16 urtetik gorako leioaztarrentzat botoa emateko epea maiatzaren 14ra arte egongo da zabalik, eta herritarrek lehenetsitako 10 proposamenen artean bost aukeratu beharko dituzte.

Leioako Udalak milioi bat euro inbertituko ditu Aurrekontu Irekietan, 800.000 euro herritarren ideietarako, oro har, eta beste 200.000 euro Leioako Umeen Kontseiluaren bidez dituzten ideietarako. Hori gauzatzeko, lehenengo fasera aurkeztutako 986 proposamenetatik teknikoki eta ekonomikoki bideragarrienak diren 10 proposamen hautatu dituzten udal-arduradunek.

Hala, herritarrek proposamen hautatu hauen artean gehienez bost aukeratu ahal izango dituzte: Animaliakaz egindako terapia-jarduerak (15.000 euro), osasuna sustatzeko proiektuak (30.000 euro), kanpoko gimnastika-elementuen diagnostikoa eta hobekuntza (kalistenia eta parke biosasungarriak) kirol-jarduera sustatzeko (40.000 euro), bizikletentzako aparkaleku pribatuak jartzea (150.000 euro, informazio-panelak instalatzea hainbat kokapenetan (20.000 euro), fatxadak horma-irudiak eginez edertzeko proiektua (100.000 euro), stoa ixteko proiektua (60.000 euro), haur-parkeak estaltzen jarraitzea (500.000 euro), kontzientziazio eta gizabidezko jarrera kanpainak (45.000 euro) eta udalerria edertzea sustatzeko udal-lehiaketak egitea erakusleihoen bidez (15.000 euro). 

Egitasmoan parte hartzeko, leioaztarrek triptiko bat jasoko dute etxean prozesuari buruzko informazio guztiagaz eta bozkatzeko bete beharko duten fitxagaz. Gainera, informazioa eta formularioa leioazabalik.leioa.net udal-webgunean ere eskuratu daitezke, eta Udalari bide telematikoz, leioazabalik.leioa.net webgunearen bidez edo aurrez aurre bidal dakioke, bide publikoko hainbat tokitan jarriko diren postontzietan, bozketak irauten duen bitartean.

Halaber, maiatzaren 2an, 7an eta 9an, bozketa-inprimakia ere aurkeztu ahal izango da: maiatzaren 2an, Agirre Lehendakariaren plazan (goizez) eta San Bartolomeko Kulturgunean (arratsaldez); maiatzaren 7an, Osasun Zentroan (goizez) eta Sakonetako Kiroldegian (arratsaldez); maiatzaren 9an, Pinuetan (goizez) eta Metro Lamiakon (arratsaldez). Gainera, maiatzaren 3an, hainbat pertsona herriko auzoetan ibiliko dira informazioa emateko eta parte-hartzea errazteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun