Hamar urteko kartzela-zigorra ezarri diote gizon bati, Leioan bi gazteri sexu-erasoak egiteagatik

Ander Zarraga 2024ko mai. 14a, 17:08

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ezarri du 10 urteko epaia. © ERTZAINTZA

Erasoak 2015ean eta 2017an gertatu ziren Ondiz inguruan, baina emakumezkoen futboleko irakaslea zen erasotzailea ez zuten 2022ra arte atxilotu, beste adingabe bati egindako abusu batengatik. Jasotako DNA laginek frogatutzat eman dute erasotzailea berdina izan zela kasu guztietan eta Bizkaiko Probintzia Auzitegiak kartzelara bidali du auzipetua.

Lehenengo gertakaria 2015eko ekainaren 9an izan zen, auzipetuak desgaitasun psikikoa duen biktimari ziria sartu, eta, aitaren laguna zela esanez, bere ibilgailura igo zuenean. Epaiak frogatutzat eman du gizonak Leioako Ondiz inguruko ur-biltegira eraman zuela neska, eta han masturbatu egin zela. Neskak aurre egin zion, eta, ondoren, etxetik gertu utzi zuen.

Bigarren sexu-erasoa 2017ko apirilaren 24an gertatu zen. Auzipetuak adingabea Leioako auzo bereko landa-eremu batera arte jarraitu eta bultzada handi bat emanez bere gainera bota zenean. Orduan, masturbatu egin zen, biktima laban bategaz mehatxatzen zuen bitartean.

DNA laginak

2022ko uztailean, Ertzaintzak orduan 49 urte zituen gizon bizkaitar bat atxilotu zuen Loiuko aireportuan, urte horretako ekainean adingabe bati ukituak egitea egotzita. Atxilotuak 2015 eta 2017ko erasoen biktimen adierazpenei esker egindako erretratu robotagaz antzekotasun fisikoak zituela ere baieztatu zuten Ertzaintzako ikertzaileek. Gauzak horrela, lagin biologikoak ere hartu zizkioten, eta horiei esker, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoak egiaztatu zuen DNA bat zetorrela Ondizko erasoen biktimen arropetatik lortutako laginakaz.  

2015 eta 2017ko gertakariengatik egindako epaiketan, akusatuak biktimen aurrean masturbatu zela aitortu arren, ziurtatu zuen ez zituela ukitu; hala ere, epaiak 10 urteko espetxealdia ezarri dio, bost urte delitu bakoitzeko.

Horrez gain, auzitegiak beste 10 urteko zaintzapeko askatasuna ebatzi du, askatasunaz gabetzeko zigorraren eta 10 urtez bi biktimekin komunikatzeko eta haiengana hurbiltzeko debekuaren ondoren gauzatzeko. Halaber, auzipetuak 3.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio horietako bakoitzari, eta ezingo du 10 urteko adingabeakaz harreman erregular eta zuzena izatea dakarren lanbide edo ogibiderik bete, ordaindua izan edo ez. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun