Leioako Mutis Espazioak "Gorputzen Bulkada" proposamena aurkeztuko du Umore Azokan

Ander Zarraga 2024ko mai. 16a, 09:56

Mutis Espazioko ikasleek Gorputzen Bulkada dantza garaikideko pieza estreinatuko dute zapatuan. Matxalen Bilbaok eta Natalia Garcia Murok zuzentzen dute Leioako dantza eskola hau, eta azken horrek azpimarratu duen bezala, Umore Azokan egotea garrantzitsua da beraientzat, "ez bakarrik Mutis Espazioa ikusarazteko, baita dantzarentzako ere".

Garciak azaldu duenez, Matxalen Bilbaok sortutako Gorputzaren Bulkadak piezan dantzariek ikasturte osoan ikasitakoa lantzeko aukera izan dute: "Guztiaren atzean mugimenduaren ideia fisikoak egoteaz gain, migrazioei eta mugitzen diren talde handiei ere erreparatzen zaie. Piezan horiek hiru mundu desberdinetan bizi dira eta bakoitzean ideia fisiko eta abstraktuak jorratzen dira". 

Mutis Espazioa Leioako sorkuntza eta formakuntza zentro bat dela azaldu du dantza irakasleak: "Momentuz hau gure bigarren urtea da, eta edukiak sortzen ari gara, baina espero dugu aurrerago aukera zabaltzea". Goizetan, profesionalak izateko prestatzen ari diren dantzariak dituzte, eta talde hori izango da, hain zuzen ere, zapatuan, Umore Azokan arituko dena. "Ikasleek urtebeteko formakuntza egiten dute eta hilabetero irakasle bat etortzen zaie dantza, sorkuntza edo interpretazioari buruzko prestakuntza intentsiboa egiteko. Gerora, hori publikoaren aurrea ere eskaintzeko aukera izaten dute". Horrez gain, arratsaldeetan, sortzaileek beraien proiektuak aurrera atera ditzaten erresidentzia artistikoak ere egiten dituztela gaineratu du. 

"Orain, ikasturte amaieran gaudenez, Umore Azokagaz berba egin genuen eta gure proposamenari baiezkoa eman zioten, beraz, gure ikasleentzako ere aukera ederra izango da eszena praktikatu dezaketelako", azaldu du Garciak.

"Guretzat Umore Azokan egotea garrantzitsua da, ez bakarrik Mutis Espazioa ikusarazteko, dantzari duen garrantzia ere ematen ziolako, dantzak ikusgarritasun gutxi baitu, halako jaialdietan antzerki eta zirku gehiago egon ohi delako. Gainera, beraientzako aukera ederra ere izango da gainera", adierazi du Garciak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun