Umore Azokak 80 ikuskizun dakartza Leioara gaurtik aurrera

Ander Zarraga 2024ko mai. 16a, 09:21

Beste askoren artean, Hika Teatro konpainiak "Atearen bestaldean" proposamena ekarriko du Leioara. © HIKA TEATRO

Umore Azokaren 24. edizioak kaleko artisten 41 konpainiaren 80 emanaldi baino gehiago eskainiko ditu maiatzaren 16tik 19ra bitartean. Azokak publiko guztientzako hainbat diziplina eszeniko eta ikuskizun eskainiko ditu Leioako kaleetan. Ikuskizunak gaur bertan hasiko dira 18:00etan.

Guztira, 27 estreinaldi hartuko ditu gaur bertan hasiko den Umore Azokak: estatuko 20 eta nazioarteko zazpi. Ikuskizunak hainbat diziplinatakoak izango dira, hala nola, dantza, antzerkia, clowna, musika, performancea, zirkua, txotxongiloak, instalazioa, ikusizko arteak eta magia.

Bertaratuko diren konpainiak Andaluzia, Asturias, Katalunia, Euskal Herria, Galizia, Murtzia eta Valentziatik etorriko dira; horiez gain, nazioarteko hainbat ere etorriko dira beraien ikuskizunak eskaintzera: Portugal, Frantzia, Suitza, Italia, Irlanda, Belgika eta Mexikotik.

Gainera, Umore Azokak urtero Leioako konpainia bat ere hartzen du, eta aurtengo edizioak Mutis Espazioaren Gorputzen Bulkada proposamena izango du.

Familia guztiarentzako proposamenak

Kategoria guztien artean, haurrei zuzendutako zazpi emanaldi familiarrak nabarmendu daitezke, horietatik lau euskal konpainienak izanik. Horrez gain, publiko guztientzat katalogatuta dauden beste 28 bat proposamenetaz gozatu ahal izango da ere, baina ikuskizun hauen ordutegia dela eta, ezin dira familiarrak diren ikuskizunen kalifikazioan sartu.

Familientzat zuzenduta dauden emanaldiak Umore Azoka izango den lau egunetan zehar izango dira eta Hika Teatroa (Euskadi), La Pez (Euskadi), Markeliñe (Euskadi), Cía. Trotamundos (Euskadi), Cía. Artilugio (Andaluzia), Tetês de Mules (Frantzia) eta Cie Balancetoi; Maleta Company (Belgika) konpainien eskutik datoz.

600 proposamen baino gehiago

Aurtengo Umore Azokak izango dituen ikuskizunak 600 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu dituzte, antolatzaileen hitzetan, jaialdiaren historian inoiz izan den parte-hartzerik handiena izanik.

Agertokiei dagokienez, Umore Azoka 2024k 15 gune-eszeniko nagusi izango ditu, eta horiek, era berean, 30 kokaleku eszeniko ingurutan banatuta egongo dira. Guztiak udalerriaren erdigunean egongo dira, joan-etorriak azkar eta modu eroso batean egin ahal izateko.

15 gune horietatik gehien nabarmentzen dena Umeen Kontseiluaren parkea da. Bertan El jardín de las delicias izeneko irudi eta soinu instalazioa egongo da. Maiatzaren 17an eta 18an egongo dena ikusgai, 21:30etik aurrera, publiko guztientzarako zuzendutako antzerkia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun