Euriak ez du aurtengo Umore Azoka etetea lortu, eta Leioako Udalak antolatutako kaleko ikuskizunen azoka antolatzaileentzat "bereziki zorrotza" izan den arren, ia 14.000 ikusle erakartzea lortu dute. Izan ere, eguraldi txarrak programatutako hainbat ekintza berrantolatzera behar ditu antolatzaileak, hala nola gune berriak bilatu eta ordutegiak birdiseinatu, ahalik eta ikuskizun gehien eskaintzeko.
Azkenik, Udaleko antolatzaileak pozik azaldu dira emaitzagaz eta programatutako 81 ikuskizunetatik 77 eskaini ahal izan dituzte eta bertaratutako konpainia guztiek parte hartu dute horietan. "Ez da erraza izan, eszenatoki alternatiboek jarduera bakoitzak eskatzen zituen ezaugarri tekniko eta espazialak bete behar izan dituztelako, nahiz eta edukiera murritzagoak aukeratu behar izan", adierazi dute Udaleko bozeramaileek.
Publikoari dagokionez, antolatzaileek kaleetan sortu den giro ona nabarmendu dute, baita publiko orokorrak eta familiakoak izan duten erantzuna ere, nahiz eta sarritan euria egin.
Horrez gain, aurtengo 24. edizioko proposamenen kalitatea eta estreinaldi kopurua ere izan dira azpimarratu gura izan dituzten beste bi puntu. Guztira 30 estreinaldi izan dira, bai estatalak bai nazioartekoak, dantza, antzerkia, clown, musika, performancea, zirkua, txotxongiloak, instalazioa, ikusizko arteak eta magia diziplinen artekoak.
Azpimarratu duten beste bereizgarri bat da Umore Azokak kaleko arteen industriaren garapena sustatzen laguntzen duela: batetik, kaleko artista guztien arteko topagune gisa funtzionatzen duelako, eta, bestetik, sektoreko profesionalen arteko harremanetarako eta trukerako urteroko foroa ere delako. Aurten ere, artistek, erakundeek, enpresek, sareek eta publiko askok urteroko hitzordua izan dute Leioan, kaleko arte eszenikoen sorkuntza berrienak erakusteko edo ezagutzeko.
Horrez gain, urtero legez, proposamen interesgarrienak ekarri dituzten konpainiak eta piezak ere saritu dituzte.