Gaur goizean, egitamos honen aurkezpenean izan dira Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarria, Bizkaiko Ostalaritza Eskolako Berrikuntza arduradun Nerea Diaz eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Zeramika Masterreko zuzendari Jose Maria Herrera.
Azaldu dutenez, Leioa Gastro + Art helburu bigaz sortu dute: alde batetik, Leioa hiri unibertsitario gisa sustatzea, udalerria eta campusa hurbilduz, ezagutzaren bitartez, eta, bestetik, Leioan inspiratuta dagoen erakargarritasun gastronomiko berri bat sortzea, udalerriaren berezkoa eta tokiko proposamen artisau eta jasangarriei balioa ematen diena.
Egitasmoa gauzatzeko, Ostalaritza Eskolako ikasleak alde gastronomikoaz arduratu dira, eta tokiko produktuetan, kilometro zero produktuetan eta sasoikoetan oinarritutako menu bat prestatu dute. Menu hori egiteko ez dute elikagairik alferrik galdu, eta, gainera, osasuntsua, elikagarria eta erakargarria izateko helburua duela ere nabarmendu dute.
Halaber, menu horrek gogorarazi gura du Leioaren eta baserritarren sustraien arteko lotura eta itsasotik gertu dagoen udalerria dela. Hala, ihardetsi eta bezeroei eskaini gura dieten udalerriko ostalaritza-lokal guztien eskura jarriko da menu hori, leioaztarrek eta Leioa bisitatzen dutenek esperientzia gastronomiko paregabeaz gozatu ahal izateko.
Bestalde, proiektuaren alde artistikoena eta artisauena Euskal Herriko Unibertsitateko Zeramika Masterreko ikasleek eman dute; Leioa baxera diseinatu baitute, uhin leunak dituzten piezak, udalerriko orografia eta erliebea irudikatzen duena, hain zuzen ere. Proiektu horretarako, Zeramika Masterreko ikasleek Blanka Gomez de Segura irakasle eta Ollerietako Euskal Buztingintza Museoko zuzendariaren laguntza berezia ere izan dute.
Hala, Leioa Gastro + Art ekimenak prestakuntza-diziplina oso desberdinetako ikasleen arteko sinergia bultzatu du; horretan, modalitate bietako ikasleek ezagutza eta esperientzia partekatu dituzten topaketa sortzaileetan parte hartu dute, eta proiektuari heldu diote, bi ikuspegietatik hari gidari bera emateko.
Aurkezpen berezia
Proiektuaren aurkezpenaren zati gisa eta hori ahalik eta ondoen zabaltzeko asmoz, Mendibile Jauregian hedabide espezializatuentzako aurkezpen espezifiko bat ere egingo dutela iragarri dute arduradunek. Gaur gauean izango da, eta bertan proiektuan parte hartu duten ikasleek ere parte hartuko dute. Ekitaldian, asmatutako menua dastatu ahal izango da, horretarako sortutako baxeran.
Iban Rodriguez alkateak nabarmendu duenez, "Leioa Gastro + Art-ek udalerria sinergia, berrikuntza eta esperimentazio gune bihurtzen du ikasleentzat. Era berean, bere ezagutzaren erakusleiho batean, bere ahaleginaren, dedikazioaren eta lanaren emaitza herritarrei hurbilduz. Proiektu honek Leioa Unibertsitatearekin gero eta gehiago eta hobeto lotzeko helbururantz aurrera egiten jarraitzeko aukera ematen digu". Leioako alkateak gaineratu duenez, "hemendik aurrera Leioak proposamen gastronomiko berezi eta propioa du, udalerriko erakargarri turistikoekin batera".
Nerea Diaz Bizkaiko Ostalaritza Eskolako Berrikuntza arduradunak ziurtatu duenez, "jarduerak aukera eman die gure ikasleei menu berritzaile bat sortzeko beren ezagutzak aplikatzeko, tokiko produktu iraunkorrak erabiliz, eta horrek indartu egiten du gastronomia arduratsuaren eta hurbiltasunaren garrantzia ulertzea". Era berean, adierazi duenez, "Zeramika Masterreko ikasleekiko lankidetzak dimentsio artistiko paregabea gehitu du, Leioako paisaia eta nortasuna esperientzia gastronomikoan integratuz eta sukaldaritza gure komunitatea eraldatu eta aberastu dezakeen artea dela erakutsiz".
Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko Zeramika Masterreko zuzendari Jose Maria Herrerak "proiektuaren aberastasuna" azpimarratu du, "begiradak askotarikoak izan direlako. Formak adostu behar izan dira, eta horrek autoikaskuntza interesgarria ekarri du". Gainera, ekimena "kasu praktikoen metodologia duen irakasgai gisa garatu da, arte ederretako irakaskuntza dualeko eredua izan daiteke, eta zaila izaten da eduki horietan formatu hori ezartzea", gaineratu du.
Leioa hiri unibertsitarioa
Leioa Gastro + Art gastronomia unibertsitateko espezialitate desberdinakaz lotuko duen proiektu gisa sendotzeko asmoagaz sortutako ekimena da. Horrela, lehen edizio honetan artearen ikuspegitik lan egin dute, baina udal-arduradunek iragarri dute asmoa dela urtero prestakuntza-modalitate berriak aztertzea eta lantzea.
Proiektu hau Leioa Gurea 2023-2027 Agintaldi Planaren barruan kokatzen da, Udalak Leioa Unibertsitate Hiri gisa duen apustuagaz jarraitzeko aukera ematen dion ekimen gisa, Unibertsitatea eta udalerria elkarrengana hurbilduz. Gainera, Leioako Udalak 2021ean egindako Turismoko Plan Estrategikoaren barruan sartzen da proiektua.