Leioako jaietan indarkeria matxista ekiditeko neurri bereziak hartuko dituzte aurten ere

Ander Zarraga 2024ko mai. 31a, 10:57

Besteak beste, gune seguruak pegatina more bategaz egongo dira adierazita eta eragile moreek besoko more bat ere izango dute. © LEIOAKO UDALA

Beste urte batez, Leioako Udalak jaietan indarkeria matxistaren aurkako kanpaina jarriko du martxan, arreta eskaini, prebenitu eta sentsibilizatzeko xedeagaz. Ekainean ospatuko dituzten San Juan jaiez gain, udalerriko beste auzoetako ospakizunetan ere egongo da indarrean egitasmoa.

Aurreko edizioetan bezala, Leioako ostalaritzako eta merkataritzako arduradunek prestakuntza jaso dute prebentzioaren arloan eta eraso baten aurrean nola jokatu jakiteko, biktima batek lehen unetik ahalik eta arreta onena jaso dezan. Lokal horiek erraz ezagutzeko moduko bereizgarri morea izango dute, eta gunesegurutzat hartzen dira eta pegatina bategaz egongo dira adierazita.

Udalak iragarri duenez, San Juan jaietako gune morea Boulevarden egongo da, ikurriña dagoen lekuan, ekainaren 20tik 23ra, 23:00etatik 06:00etara. Horietan eta jaiguneetan eragile moroearen rola hartuko duten pertsonak ere egongo dira, eta eramango duten besoko moreari esker identifikatu ahal izango dira. 

Horrez gain, laguntzarik behar izatekotan, 112 larrialdietako telefonoa eta 900 840 977 laguntza-zerbitzuko telefonoa dagoela ere gogoratu dute udal-iturriek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun