Elkarrizketak

Olatz Noya: "Hainbat urtez musika ikasten ibili eta gero, horren fruituak ikusteko aukera polita eskaintzen du bandak"

Ander Zarraga 2024ko eka. 5a, 15:01

Leioako Musika Bandan herriko eta eskualdeko hainbat musikarik utzi dute arrastoa 1997an sortu zenetik. Urteotan, bere estilo aniztasunak aukera eman die musikari gazte askori eskolan ikasitakoa banda formatuan probatzeko. Gainera, musikari profesional askok horretan hasi zuten beren ibilbidea, eta, gaur egun, nazioartean ari dira musikari edo irakasle gisa. Hala ere, Leioako Musika Banda herritarrek herriarentzat sortutako proiektua dela azpimarratu du Olatz Noya kideak, eta, horregatik, zapatuan, ekainaren 8an, Kultur Leioan arituko dira eta San Juan jaietan ere emanaldia eskainiko dute.

Hasteko, nola deskribatuko zenukete Leioako Musika banda?

Leioako Musika Banda Elkartea 1997an sortu zena herriko kultura musikala bultzatzeko asmoarekin. Gazte eta ilusioz betetako elkartea da, herrikoa eta herriarentzat sortutakoa. Gure proiektuaren bidez, estilo desberdinetako musika kalera atera nahi dugu, jendeak entzun, ezagutu eta goza dezan.

Zein motatako musika jotzen duzue zuen emanaldietan?

Leioako Musika Bandan mota desberdinetariko musika egiten dugu, estilo askotakoa, betiere bandako formatua mantenduz. Bandaren ibilbidea luzea izan da eta emandako kontzertuak zenbatezinak dira, hala ere, publikoa txunditzea gustatzen zaigunez, hori lortu dugunen kasuak azpimarratuko nituzke. Adibidez, gogora datorkit aspaldi eman genuen kontzertu barrokoa, horretan, musikariak garai horretaz mozorrotu ginen. Behin baino gehiagotan ere egin ditugu pelikuletako doinuen kontzertuak, normalean publikoarentzako oso erakargarriak izaten direnak, eta horietan proiektatzeko bideoak egitera ere animatu gara, gu protagonistak izanik. Umore Azokan ere pare bat kontzertu berezi eman ditugu, bata Feten Feten taldearekin batera eta beste bat Zirkozaurrerekin, zirkuko obrak eskainiz.

Big band estiloa ere ukitu dugu, mezak ere jo ditugu, baita munduko doinuak ere. Esan bezala, Leioako Musika Bandan ez dago aspertzerik!

Zer kontatu ahal diguzue banda osatzen duten musikariei buruz?

Kide kopurua aldatu egiten da denboraldiaren arabera. Izan ere, banda, batez ere, gazteek osatzen dute, eta ikasketekin eta lanarekin, batzuetan, jotzeari utzi behar izaten diote, jende berriari lekua eginez.

Aurten, adibidez, gorakada polita izan dugu taldean, eta hainbat aurpegi berrik familia handitu dute. Momentu honetan 38 musikari gaude, gazteenak 10 urte ditu eta nagusienak 73, biak tronpeta-joleak. Hala ere adin tartea, nagusiki 16 eta 30 urte bitartekoa da.

Beste alde batetik, esan beharra dago, nahiz eta Leioako banda izan, Leioako Musika Bandak beste herrietako musikariak ere hartzen dituela; izan ere, tamalez, kide gutxi dira herrikoak. Gehienak, Bilbo ingurutik datoz, baina baditugu urrunagotik ere datozenak ere, Mungiako eta Elorrioko kideak ere ditugu, besteak beste.

Zergatik erabaki zenuten Leioako Musika Bandako kideak izatea?

Bandako kide bakoitzak bere arrazoiak izango ditu, baina oro har, hainbat urtez musika ikasten ibili eta gero, horren fruituak ikusteko aukera polita eskaintzen du banda formatuak. Talde lana sustatzen da, mota askotako programak lantzen dira, eta, gainera, lagun berriak egiteko aukera ematen du. Horrez gain, Leioako Musika Bandak badauka beste puntu oso interesgarria, udan 8-10 eguneko bidaia egiten baitugu penintsulatik edo Europatik, urtearen arabera. Bidaia horietan beste herri edo herrialdeetako bandekin batera jotzeko aukera izaten dugu, euren kultura, musika eta lan egiteko modua ezagutuz. Oso aberasgarria izaten da.

"Bidaia hauek urte osoan zehar egindako lana saritzeko antolatzen ditugu, musikariek egiten duten esfortzua handia da eta bidaiatzea motibazio puntua izan daiteke"

Iaz, besteak beste, Hungarian izan zineten. Zertan aritu zineten? 

Bai, hori da. Esan bezala urtero bidaia bat edo bi egiten ditugu. Adibidez, aurreko urtean Hungariatik ibili ginen udan, County Wondering Festivalean parte hartzeko gonbidapena jaso eta gero. Bertan, beste herrialde batzuetako banda zein dantza taldeekin batera bi kontzertu eskaini genituen: Domaszéken eta Szgeden. Aldi berean, inguruko herriak, Budapest barne, ezagutzeko denbora ere izan genuen.

Bidaia hauek urte osoan zehar egindako lana saritzeko antolatzen ditugu, musikariek egiten duten esfortzua handia da eta bidaiatzea motibazio puntua izan daiteke. Gainera, taldea indartzen da holako jarduerekin, elkarbizitzak istorio eta bizipen asko eskaintzen baitituzte.

Modu honetan, bere historian zehar, bandak hainbat herrialde ezagutu izan ditu, besteak beste: Frantzia, Alemania, Txekiar Errepublika, Ingalaterra, Eslovenia, Austria, Italia, Hungaria, Portugal....

Bestalde, azken urteotan, elkarbizitza sustatzeko asteburuetako bestelako irteerak egiten hasi gara. Bidaia hauek etxetik gertu egiten ditugu, eta, momentura arte, Suancesen (Kantabria) eta Solorzanon (Kantabria) egin ditugu topaketa hauek. Bertan, entseguaz gain, bestelako ekintzak egiten ditugu, hala nola ginkanak, ibilbideak, scape room, tirolinak, paintball...

Gaur-gaurkoz, musikari profesionala edo ospetsua den norbait pasatu da Leioako Musika Bandatik?

Baditugu musikaz bizitzen diren eta bandatik pasatu diren hainbat kide. Nabarmentzekoa da Oskorriko kidea izandako Anton Latxa daukagula gure bandan, tronpetarekin. Behar bada bera da Euskal Herriko kulturan bandatik pasatutako aurpegirik ezagunena. Hala ere, baditugu beste batzuk musika egin eta horretaz bizi direnak, besteak beste:

  • Marta Velasco: Taldearen sortzaileetako bat izan zen, eta hor hasi zen saxofoia eta tronboia jotzen, zuzendariordetzarekin txandakatuz. 2000. urtera arte aritu zen horrela, zuzendaritza hartu zuen arte. Saxofoi eta kantuko goi mailako ikasketak ditu eta abeslari gisa lan handia egin du ganbera-musikan eta antzinako musikan. Orain, Leioako Orpheo Abesbatzako eta Mungiako MMUK Abesbatzako zuzendaria da eta saxofoi irakaslea Mungiako Udal Musika Eskolan.
  • Aitor Aburto: 11 urte besterik ez zituela hasi zen taldean. Klarinetean goi-mailako ikasketak egin zituen Musikenen, eta, zuzendaritzan masterra eginda, 2020an taldearen gidaritza hartu zuen hiru urtez. Orain, Oreka Reed Quintet-en dago.
  • Joseba Diez: urtarriletik dabil Leioako Musika Banda zuzentzen, baina oso ondo ezagutzen du taldea, izan ere, banda batekin izan zuen lehen harremana hemen izan zen, 14 urte zituenean, tronboi jotzaile gisa. Gaur egun, Leioako Musika Bandaz gain, tronboi eta taldeko irakaslea da Leioako Kontserbatorioan eta Bilbao Musikan, baita Bilbao Orkestra Sinfonikoaren kolaboratzailea eta Euskadi Brass-eko kidea ere.
  • Alberto Mielgo: Leioako Musika Bandako fundatzaileetako bat izandakoa, goi mailako ikasketak burutu zituen Musikenen. SËIN saxofoi laukoteko kidea da, Bilboko Udal Banda edo BIOS-Bizkaiko Orkestra Sinfonikoa bezalako taldeetan kolaboratzailea da ere izan da. HAMIKASAX Saxofonisten Euskal Elkarteko kide sortzailea eta lehendakaria ere bada. Gaur egun, saxofoi irakaslea da Bilboko Juan Crisostomo Arriaga kontserbatorioan.
  • Tania Martinez: Bost urtez Leioako Musika Bandan egon eta gero, Musikenen burutu zituen bere goi mailako fagot ikasketak. Halaber, Euskadiko Gazte Orkestran eta Bilboko Bandan parte hartu izan du, eta, orain, Gasteizko kontserbatorioan fagoteko klaseak eman eta ESAS emakume orkestraren parte da. Kantuan ere haritzen da, ABAO eta Bilboko Sinfonietako hainbat obretan parte hartuz.
  • Lander Campos: Oso txikia zela hasi zen klarinetearekin Leioako Musika Bandan, baina laster konturatu zen berea perkusioa zela. Hainbat talde ezagunekin kolaborazioak egin ostean –Revolta permanent, Urrats, Garilak 26...– 2019an bere proiektu propioa sortu zuen STR izenarekin, Top 1 Gaztea izatera heldu dena.
  • Nerea Hierro: Lau urtez ibili zen Leioako Musika Bandan bere oboe goi mailako ikasketak Musikenen hasi zituen arte. Amaitzean, Alemaniara joan zen masterreko ikastera eta lana bilatzera. Bederatzi urte daramatza Stuttgarten bizitzen non hainbat orkestra eta talderekin lan egiten duen, Estatuko Musika Eskola batean musika-hezkuntza goiztiarreko eta Oboeko irakasle izateaz gain.
  • Eneko Arraibi: Leioako Musika bandan hainbat urte igaro eta gero, egun, Oxabi erromeriako kidea da, hainbat herritako jai eta ekitaldietan parte hartzen ikusi daiteke bere saxofoiarekin. STR edo Gatibu bezalako taldeekin ere kolaborazioak egin ditu.
  • Janire de Paz: Janirek 11 urte zituela hasi zen Leioako Musika Bandan, eta, goi mailako ikasketak Holanda hasi zituen arte, 2019an, gure tronpa-jolea izan zen. Gaur egu,n Hagako (Holanda) Musika Kontserbatorioan egiten ari da masterra, bertan egin baitzituen goi mailako ikasketak ere. Rotterdam Sinfoniako akademista (2022) izan da eta Herbehereetako Gazte Orkestra Nazionaleko kidea da 2020tik., eta, besteak beste, Het Concertgebouw (Amsterdam), DeDoelen eta Konzerthaus (Berlin) bezalako auditorio garrantzitsuetan jo du.
  • Haizea Lores: 2022an goi mailako ikasketak bukatu zituen Bartzelonako Conservatori Superior del Liceu zentroan, eta, orain, Master ikasketak bukatzen ari da Musikhochschule Lübeck-en (Alemania). Azken urteetan Leioako Musika Bandarekin kolaboratzen jarraitu du, baina izeneko beste hainbat orkestretan ere jo izan du, besteak beste, EGO, JONC, Mahler Chamber Academy Orchestra, Klassik Philharmonie Hamburg orkestra, etc. Abuztutik aurrera Bulgariako Stara Zagora State Operan hasiko da lanean.
Musikari profesionala izan behar da Leioako musika Bandako kidea izateko?

Ez, Leioako Musika Bandako kidea izateko musikan ezagutza izatea beharrezkoa da, baina ez da inolako titulaziorik eskatzen. Kideei euren musika tresna taldean jo eta hobetzeko aukera ematen die, klaseko formatutik ateraz. Beraz, adin ezberdinetako kideez gain, musikan maila ezberdina dutenak ere badaude. Baditugu musikariak musika eskoletan dabiltzanak musika ikasten, kontserbatoriokoak eta baita goi maila egin dutenak ere. Halaber, baditugu musika ikasketak gauzatzen dabiltzanak eta baita momentu honetan bandan baino ez dutenak jotzen ere. Guztientzat dago lekua Leioako Musika Bandan.

"Urtero ematen ditugun jaietako kontzertuak eskainiko ditugu Leioako hainbat auzotan, ekainean eta irailean"

Zeintzuk dira zuen helburuak denboraldi honetarako?

Aurtengoa aldaketa urtea izan da. Joseba Diez zuzendari berria dugu, eta berarekin bandako jatorrietara itzuli gara, kontzertuetarako prestatzen gabiltzan errepertorioari dagokionez. Oraingoan, aurkeztuko dugun programa bandetarako musikan egongo da ardaztuta, zuzeneko bandetarako konposatua izandakoa, hain zuzen. Besteak beste Appalachian Overture edo Las Playas de Rio bezalako obra ezagunak eskainiko ditugu.

Aurtengo planari dagokionez, urtero ematen ditugun jaietako kontzertuak eskainiko ditugu Leioako hainbat auzoetan ekainean eta irailean. Lehenengoa, ekainaren 22an izango da Leioako San Juan jaietan, hain zuzen ere. Bestalde, baditugu beste bi proiektu martxan, bata Leioako San Bartolome auzoan ekainaren 2an eman genuen kontzertuan gauzatu zen, eta, bestea, hurrengo asteburuan izango da, ekainaren 8an, Kultur Leioan. Azken hori arratsaldeko 19:00tan izango da, eta, bertan, areto itxian banda entzuteko aukera egongo da.

Horrez gain, udara begira, esan bezala, urtero lez, bidaia ere egingo dugu. Oraingoan, Galiziara joango gara uztailaren 22tik 30era. Bertako Barroko Banda de Música xuvenil de Barro taldearekin batera kontzertua eskainiko dugu uztailaren 28an. Inguruak ere bisitatuko ditugu, besteak beste, Santiago de Compostela, Pontevedra, Vigo eta Islas Cies.

Urtea bukatzeko, urtero bezala, Gabonetan urteko kontzerturik bereziena ere egingo dugu Kultur Leioan. Aurtengo gaia oraindik erabakitzear dago oraindik, baina ziur gaude bertaratzen direnak ustekabean harrapatuko dituela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun