Ahaldun nagusiak Leioako egoitzako lehen bi bizikidetza-unitate independenteak bisitatu ditu

Erredakzioa 2024ko uzt. 4a, 10:34

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak Leioako egoitza-zentrora egindako bisitan. © BFA

Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak azaldu du zein egoeratan dagoen Bizkaiko Iraupen Luzeko Zainketen Trantsiziorako Plana. Hala egin du, Leioako egoitzan jada martxan ari diren lehen bi bizikidetza-unitate independenteetara eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeari atxikitako eraikinaren lehen solairuak hartuko duen 25 plazako etorkizuneko unitate soziosanitarioaren obretara egindako bisitan.

Aldundiak azpimarratu duenez, Bizkaiak nabarmen egin du aurrera iraupen luzeko zainketen pertsonalizazio-ereduan: lurraldeko zenbait egoitzatan bizikidetza-unitateak zabaltzen ari dira. Gaur egun, 476 plaza daude martxan, dozena bat egoitzatan, eta 900 baino gehiago ezarpen-prozesuan daude, Bizkaiko 14 egoitzatan.

"Bizikidetza-unitateak itxura fisiko eta arkitektonikotik harago doaz. Barruan gertatzen dena da funtsezkoa, alegia, bizitza eta harremanak. Gure zaintza-kontzeptutik urrats bat harago joan behar dugu. Zaintzaren funtsa bera da eraldatu beharrekoa: oinarrizko premiak edo behar instrumentalak bakarrik artatzetik mendekotasuna duten pertsonei lagun egitera igaro behar dugu. Zaintza harremana da, batez ere", azpimarratu du Etxanobek.

Leioako egoitza berriko lanak

Adierazpen horiek egin ditu Ahaldun nagusiak Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak (GUFE) kudeatzen duen Leioako egoitzara egindako bisitan. Politikariak eraikin horretan egongo diren sei bizikidetza-unitateetatik abiarazitako lehenengo biak bisitatu ditu. Bi bizikidetza-unitate horiek independenteak dira, eta eraikinaren laugarren solairuan daude. Udalerriko auzoen izena daukate, hau da Artaza eta Mendibile. Bakoitzak 20 logela ditu, eta, gehienez, 22 pertsonari arreta emateko gaitasuna du. Era berean, bizikidetza-eremu komunak dituzte, hala nola egoteko gunea eta etxeko sukalde irekia, jantokiarekin eta terrazarekin integratua.

Oraindik obrak amaitu gabe daude, baina solairu guztiak eraldatzeko prozesua amaituta dagoenean, zentroak 132 egoitza-plaza izango dituela aurreratu dute Aldundiko iturriek, sei bizikidetza-unitatetan banatuta; eta, lehenengo solairuan, 25 plazako unitate soziosanitario bat ere izango du. Horrez gain, zentro horren bitartez, Leioak laguntza emango die Uribe eskualdeko gainerako egoitzei, zaintzak pertsonalizatzeko prozesuetan. 

Zentroa egokitzeko lanak modu progresiboan garatzen ari dira, obrak egin bitartean egoiliarrak bertan bizi baitira, eta,bitartean, langileak lanean ari dira. Horiek horrela, ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko neurri guztiak hartzen ari direla azaldu dute Aldundiko iturriek.

Eraldatze-proiektu horrek 20,8 milioi euro baino gehiagoko kostua izango duela zehaztu dute. Horren zati bat Next Generation EU funtsekin finantzatuko da, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientziako Estatu Planaren barruan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun