Avanzada estaltzeko obrak 2025eko udan amaituko dituzte, aurreikusitakoa baino urtebete lehenago

Erredakzioa 2024ko uzt. 5a, 19:16

Egun hauetan tunela estaltzeko egitura ari dira kokatzen. © BFA

Leioan, BI-637 errepidea estaltzeko obrak nabarmen aurreratuta doazela jakinarazi Bizkaiko Foru Aldundiak. Hori dela eta, iragarri dute tunel berriaren estaldura prest egongo da 2025eko udan zehar, hau da, indarrean dagoen hitzarmenean zehaztutako epea baino urtebete lehenago, hasiera batean, 2026ko abuzturako adostu baitzuten.

Aste honetan, tunel berriaren erdialdea estaliko duten habeak jartzen hasi dira, eta uztailean eta abuztuan ibiltzeko moduko gune berriak erabat estaliko dituztela iragarri du Aldundiak, beraz, aurreikusi dute irailetik aurrera urbanizatzeari ekingo diotela.

Iragarritakoaren arabera, urrian zehar, tuneleko ahoetan egingo dituzte lanak: sarrera-irteera berriak izango diren sareta metalikoak jarriko dituzte. Diseinu berritzaile horri esker, instalazio fotovoltaiko bat ezarriko dute bertan, eta horrek kontsumo elektrikoaren kostuak merkatuko dituela baieztatu dute, azpiegitura erabilgarri egon bitartean.

Halaber, estali beharreko guneetan zutoinak jartzen zituzten bitartean, ebakuazio-galeria berriak eta tunela hornitzeko behar den azpiegitura ere eraiki dituzte. Hortaz, lokal teknikoak eraiki dituzte tuneleko sarreren eta kanpo- nahiz barne-kanalizazioen ondoan.

Horri esker, instalatu beharreko ekipamendua kontrolatzeko eta elikatzeko 130 kilometro kabletarako lineak egin ahalko dira. Horietatik, 50 kable elektrikoei dagozkie, beste hainbeste komunikazioei, eta, 30, zuntz optikoari.

10.000 metro koadro gehiago

Avanzada estaltzeak sortuko duen eremu berriak 10.000 metro koadro inguru izango ditu, lehendik dagoen hiri-bilbea osatuko dutenak. Horrela, gaur egun Leioa banatzen duen lubakia desagertu egingo da, eta, iragarri dutenez, nabarmen hobetuko dira azpiegitura horren kutsadura akustiko arazoak, 1.505 metrotan zehar pantaila soinu-xurgatzaileak jarriko dituzte eta.

Bidegorri bat ere badago proiektuaren barruan, Leioako Pinosolo aldea udalerriko erdigunearekin lotuko duena. Gainera, lan-jardueraren zati batean Iparragirre kaleko espaloia 2,5 metro zabalduko da, erabat irisgarria izan dadin.

Oraindik egiten ari den eta 62,5 milioi euroko aurrekontua duen proiektu horrek trafikoaren segurtasuna ere hobetuko duela gaineratu dute, egokiak diren neurri-sistemen bidez; izan ere, ia 900 metro luze den tunel horretatik, 114.000 ibilgailu igarotzen dira egunero, batez beste.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun