Lertutxeko urtegia Dow Chemical enpresak eraiki zuen 1964an erabilera industrialerako. Jarduera hori 80. hamarkadan bukatu zen, baina urtegiak hor jarraitu du gaur egun arte. Urteotan, eremu hori aisialdirako eta arrantzarako gunea izan da Erandioko eta Leioako hainbat herritarrentzako; gainera, ekosistema propioa ere izan du landarediari eta hainbat hegazti espezieri esker.
Hala ere, duela urte batzuk, arrakala bat azaldu zen urtegiaren egituran, eta enpresak konpontzeari uko egin zion, eta erakunde publikoetatik ere ez zen hori mantentzeko egitasmorik azaldu. URAko arduradunek HIRUKAri zehaztu diotenez, enpresa titularrak Espainiako Iparraldeko Uren Komisariak 1964ko apirilaren 4an emandako ebazpenaren bidez industria-erabileretarako aprobetxamendua iraungitzeko eskatu zuen. "Eskaera horrek azkentze-espediente bati hasiera eman zion, titularrak berariaz uko egin ziolako".
Agentziatik adierazi dute hainbat urte daramatzatela aurkeztutako proiektua lantzen, hustuketa eta lehengoratzea nolakoak izan behar liratekeen jakiteko. Hala ere, 2022aren amaieran hainbat ur-isurbide identifikatu zituzten urtegian, eta horrek husteko prozesua bizkortu zuen.
Azaldu dutenez, prozesua modu kontrolatuan egiten ari dira, "lehengoratzeak hobekuntzak ekar ditzan, bai ingurumenean, baita inguruko segurtasunari dagokionez ere". Aurreratu dutenez, behin prozesua bukatuta, hondoko hustubidea irekiko dute, inguruko errekek beren ibilgua aske egin dezaten.