Txorierrira heltzeko baliabideak, jopuntuan

Ander Zarraga 2024ko ira. 10a, 11:56

Txorierriko igogailua 2018an egin zuten, hainbat urteko atzerapenaren ostean.

Auzokideak haserre daude Udalagaz: diotenez, igogailuak etengabe ditu matxurak, eskailerak kendu dizkiete eta Udalaren autobus-zerbitzuagaz hainbat arazo dituzte.

Txorierri auzoak itsasadarraren ikuspegi ederra du, baina hirigunetik urrun dagoen auzo horretako bizilagunek salatu dute hainbat arazo dituztela irisgarritasuna dela-eta.

Batetik, auzora heltzeko igogailuaren matxuren arazoa dago. Lamiakoko metro-geltokitik auzoko begiratokiraino 242 eskailera daude, "adineko pertsona batek ezin du hori igo, are gutxiago erosketako poltsakaz edo orga bategaz", deitoratu du Elena Alonso bizilagunak. "Adineko asko gaude auzoan, eta metrora, medikuarenera edo erosketak egitera joateko igogailua behar dugu. Askotan ez dago martxan, edo jaitsi bai, baina batek daki berriz ere igoko ote den".

Crescencio Alejok kontatu du bi aldiz geratu dela trabatuta igogailuan, "azkenengoan, ordu eta laurden inguru egon ginen nire emaztea eta biok, ateratzera etorri ziren arte". Dioenez, lehen, igogailuaren ondokoak baino erosoagoak ziren eskailera zaharrak zituzten, baina lursail pribatu batetik igarotzen direnez, norbaitek moztu egin ditu eta ezin dituzte horiek erabili.

Udal autobus-zerbitzua ere badago, baina Miren Karmele Agirrek azaldu duenez, zerbitzua ez da beti auzotik pasatzen, "gidariari gogoa ematen dionaren arabera". Horren jarraipena aplikazio baten bidez ere egiten dela dio, "baina nagusiak ez dira horregaz moldatzen".

Udalaren erantzuna

Egoeragatik arduratuta daudela eta arazoak lehenbailehen konpontzeko nahia adierazi dio Iban Rodriguez Leioako alkateak HIRUKAri. "Igogailua hainbat urtez eskatutako azpiegitura da, diru asko suposatu zuena, eta gu ere kezkatuta gaude eragozpenengatik". Zentzu horretan, iragarri du beste enpresa bat kontratatu dutela igogailuaren azterketa teknikoa egiteko, horren erreplika bat piezetan izatera behartu dutela enpresa esleipenduna, eta bide judiziala ere aztertzen ari direla.

Alkateak aurreratu du autobus-zerbitzuaren lizitazio berria egin eta lineak egokitzeko asmoa dutela. Eskailerei dagokienez, gaineratu du ibilgu zaharreko lurrak erosteko eta egokitzeko asmoa dutela, horiek ere erabilgarri egon daitezen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun