Mugikortasunaren Europako Astea hasi dute Leioan, eta ekimen honen ezinbesteko hitzorduetako bat bihurtu den ekimenagaz abiatu dituzte jarduerak: Haur Ibiltarien Topaketa. Gaur goizean egin dute, eta udalerriko zortzi ikastetxetako 300 ikasle inguruk parte hartu dute Errekalde plazan egin dituzten jardueretan.
Hezkuntza-dinamika ludiko baten bidez, adingabeek ohitura osasungarriei eta mugikortasun iraunkorrari buruzko gogoeta egin dute, eta, aurten, Leioako Udalak abian jarritako sentsibilizazio-kanpainaren ildotik, umeek gune publikoarekiko dituzten eskubideak ezagutaraztea izan da jardueraren ardatza.
Zentzu horretan, zera adierazi du Iban topaketan ere izan den Iban Rodriguez Leioako alkateak: "Ziur gaude oso beharrezkoa eta onuragarria dela dauden haurrentzat, jolasten diren haurrentzat, ondo pasatzen dutenentzat, elkarrekin erlazionatzen direnentzat, aire librean daudenentzat...". Gaineratu du adibideetako bat dela aurtengo kanpaina "oso egunerokoa dela, baina uste dugu galtzen ari dela eta sustatu nahi dugula: gure haurrak bakarrik joatea ikastetxeetara... autonomiaz, pertsona heldu batek lagundu beharrik gabe eta Bizibideak programan landutako bide seguruak erabiliz".
Jarduera garatu bitartean, alkate leioaztarrak hainbat galdera bota dizkie haurrei, hala nola: nork daki jolastea eskubidea dela? nork uste du kaleak jolasteko espazio egokia direla? nork uste du helduok ez diegula herrian jolasteko denborarik edo lekurik uzten? nork nahiago duzue zuen ikastetxera lagunekin joan?