Leioako Udalak ofizialki aurkeztu du Arriena parkea, Elexalde auzoan hedatzen den 31.120 metro koadroko birika berde berria. Hiri-parke honek askotariko jolas- eta aisialdi-eremuak ditu, hala nola haurrentzako jolasguneak, askaldegi bat, txakurrentzako agility zirkuitu bat eta kultur ekitaldietarako gune bat. Gainera, hiri-altzariak, aparkalekuak, bankuak, paperontziak, iturriak eta bainugela publikoa ere ditu.
Parke berriak oinezkoentzako hiru sarbide ditu, horietako bat berria, eta Elexaldeko errota historikoagaz lotuta dagoena. Horrek, haritz zaharrez eta XVIII. mendeko eraikin baten hondakinez inguratutako ibilbidea eskaintzen du.
Parkea familia osoarentzat pentsatutako eremu multifuntzionala izateko diseinatuta dagoela azpimarratu dute udal-iturriek. Haurrentzako jolas-eremuak hainbat adinetarako eremuetan banatuta daude, txirristak, zabuak, eskalada-egiturak eta karruselak dituztenak, horietako batzuk, urritasunak dituzten haurrentzat egokituak. 20 eta 30 metroko bi tirolina ere jarri dituzte; parkeko atrakzio nagusietako bat. Gainera, txakurren ongizaterako 1.800 metro koadroko gunea ere du, pertsona eta maskotentzako 12 elementugaz, iturriakaz eta agility zirkuituagaz.
Udalak zehaztu duenez, parkea eraikitzeko 2,9 milioi euroko inbertsioa egin dute guztira, eta horietatik 900.000 inguru Bizkaiko Foru Aldundiaren Herriak Egiten ezohiko funtsak finantzatu ditu. Inaugurazioagaz, Leioak 550.000 metro koadro baino gehiago ditu berdegune publikoetan, eta horrek Osasunaren Mundu Erakundeak emandako gomendioen oso gainetik jartzen du udalerria; izan ere, erakunde horrek gutxienez 9 metro koadro ezartzen ditu biztanleko, eta Leioak, biztanleko 17 metro koadro ditu.