EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Leioan sexu-abusuak egin zituen entrenatzaileari ezarritako lau urteko zigorra berretsi du

Ander Zarraga 2024ko urr. 17a, 11:22

Auzitegiak sinesgarritasuna eman dio biktimaren testigantzari eta atzera bota du akusatuaren errekurtsoa. © ERTZAINTZA

Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Zibileko eta Zigor-arloko Salak berretsi egin du Bizkaiko Auzitegiak Leioako futbol-talde bateko entrenatzaileari ezarritako lau urteko kartzela-zigorra. Gizona lau urtera kondenatu zuten, 2022an 14 urteko adingabe bati sexu-abusuak egiteagatik.

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du akusatuak epai horren aurka jarritako errekurtsoa eta lau urteko kartzela-zigorra berretsi du. Halaber, eskola-futboleko entrenatzaile gisa bederatzi urteko gaitasungabetzea ere baieztatu du. Martxoan, Bizkaiko Auzitegiak beste sexu-delitu bigatik zigortu zuen entrenatzailea, eta 10 urteko kartzela-zigorra ezarri zion.

Epai horregaz, auzitegiak frogatutzat eman du 2022an gizon horrek entrenamendutik kanpo adingabeagaz topo egin gura izan zuela, haren jarrera zuzentzeko aitzakiagaz, eta sexu-erasoa egin ziola.

Entrenatzailearen defentsak argudiatu zuen biktimaren salaketa "erresuminagatik" izan zela, berak arreta deitu ziolako bere korrika egiteko moduagatik. Hala ere, Bizkaiko Auzitegiak atzera bota zuen argudio hori, adingabearen lekukotzaren koherentzia eta sinesgarritasuna balioetsita.

Auzitegi Nagusiak balorazio hori berretsi du, eta biktimaren deklarazioak akusatuaren errugabetasun-presuntzioa indargabetzeko beharrezko irizpideak betetzen zituela nabarmendu du. Gainera, zentzugabetzat jo du adingabeak egitateak zuzenketa teknikoen bidez asmatzea, korritzeko moduari dagokionez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun