Elkarrizketak

"Frontoiaren inguruan oso giro polita eta euskalduna sortzen da"

Ander Zarraga 2024ko abe. 13a, 14:42

Zapatuan, abenduaren 14an, Leioako Hartzak Pilota Taldeak bere mende laurdena ospatzeko jaialdia egingo du, 10:00etatik aurrera, Sakoneta kiroldegian. Taldeari buruz gehiago jakiteko, Ainhize Bastida eta Leire Fuente pilotariakaz izan gara.

Zapatuko partidetan arituko diren pilotarien artean, umeak, urte asko daramatzaten pilotariak eta aurten taldeagaz bat egin duten palista asko ere izango dira; izan ere, ikasturte honetan hainbat jokalari berri izan dituztela azaldu dute Bastidak eta Fuentek: "Aurten gorakada bat egon da, hainbat emakume hasi baikara palara jokatzen, eta, orain, 23 pilotari inguru gaude taldean". 

Hala, ospakizun partidetan, gizonezkoen eta umeen partidakaz batera, emakumeak ere arituko dira palako ligaxkako finala jokatzen: B txapelketako finala, Amagoiak eta Mariak Kanporen eta Aneren aurka jokatuko dute; eskolarteko lagunartekoa, Rodriguez II Hernandezen aurka izango da; lagun arteko ezker paretan, Astigarragaga II eta Landa II gorriz arituko dira Amiama eta Landa I urdinen aurka; eta, azkenik, A txapelketako finala Paulak eta Iratik Eleneren eta Olaztiren aurka. Azkenik, bukatzeko, bazkaria ere egingo dute klubeko partaide guztiakaz.

Frontoia, elkargune

Palista biek taldearen barruan dagoen "giro ona" nabarmentzen dute. Diotenez asko beraien kabuz hasi ziren jokatzen, baina sartu zirenean denen laguntza jaso zuten; "harrera itzela izan zen", gogoratu du Fuentek. Gaur gaurkoz, astelehen, eguazten eta eguenetan entrenatzen dute, baina hainbeste jokalarirentzako leku nahikorik ez daukatenez, martitzenetan ere hasi dira frontoira joaten; izan ere, diotenez, Sakonetako pilotalekua txiki geratu zaie, eta batzuetan Askartzakora ere joaten dira.

"Ni oso gustura nago, ez da bakarrik entrenatzea edo partidak ikustea, gure arteko giroa ere oso ona da; palaren inguruan oso momentu politak sortzen dira", adierazi du Bastidak. "Hemen adin eta herri askotako herritarrak gaude eta frontoian denok batera elkartzea oso polita da", gaineratu du Fuentek

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun