Umore Azoka Leioako auzoetara zabalduko dute 25. jaialdian

Ander Zarraga 2025ko ots. 25a, 14:09

Umore AUzoka aurkeztu dute gaur, Leioako auzoetara ere kultura eta ikuskizunak eramateko egitasmoa.

Aurten, kaleko artisten azokaren 25. urteurrena dela-eta, Umore AUzoka ere egingo dute lehenengoz Leioan. Maiatzaren 3n, 4an, 10ean eta 11n izango da eta 2025eko Umore Azokaren atarikoa izango da. Egun horietan, Pinuetan, Txorierrin, Lamiakon eta San Bartolomen lau ikuskizun egingo dituzte, doakoak eta publiko guztientzako egokiak.

Leioako Udalak herritar guztientzako kulturaren aldeko apustua indartu gura duela iragarri du. Zeregin horretarako, Umore AUzoka ekimena jarriko dute abian, arte eszenikoak Leioako auzoetara eramango dituen ekimen berria, 2025eko Umore Azokaren atari gisa.

Aurten, maiatzaren 15etik 18ra egingo dute Leioako kaleko artisten azokaren 25. edizioa. Umore AUzoka jaialdiaren berrikuntzetako bat izango da aurten, eta kaleko antzerkiaren magia udalerriko txoko guztietara hurbiltzea izango du helburu. Horretarako, doako ikuskizunak eskainiko dituzte, publiko guztiarentzat eta aire zabalean. Leioa Gurea 2023-2027 Agintaldi Planagaz bat datorren erronka dela azpimarratu dute udal-iturriek, udalerri osoan kultur ekitaldiak bultzatzea aurreikusten baitu.

Hala, Umore AUzoka maiatzaren 3an, 4an, 10ean eta 11n egingo dute, Umore Azokaren aurreko aste-akabu bietan, hain zuzen. Leioako alkate Iban Rodriguezek aurkeztu du ekimena gaur goizean, eta nabarmendu duenez, "denontzako kulturagaz dugun konpromisoa indartzen dugu, erreferente izaten jarraitu nahi dugu arlo horretan, kultura pertsona guztien eskura dagoen eskubidea izan dadin eta gure kaleak elkartzeko eta gozatzeko gune izaten jarrai dezaten".

Leioako alkateagaz batera, Umore AUzokaren lehen edizio honetan arituko den konpainia baten ordezkaria, Tititirantes, izan da. Horrek, ekimenen garrantzia azpimarratu du, kaleko arte eszenikoak zaindu eta sustatzeko aukera ematen dutelako eta herritar guztiengana iristeko aukera ematen dutelako.

Egitaraua

  • Maiatzak 3, zapatua: Los Taps konpainiak (Madril) Bam Bam aurkeztuko du, magia, clown eta ilusionismoz hornitutako zirku garaikidea; San Bartolome auzoko eliz plazan.
  • Maiatzak 4, domeka: Akelarrek The Freak Show ekarriko du, fenomeno ikuskizun historikoetan oinarritutako ikuskizuna; Juan de Ajuriagerra plazan, Lamiakon.
  • Maiatzak 10, zapatua: Adrian Schvarzstein artistak Dans aurkeztuko du, dantza eta kale antzerkiko muntaia interaktiboa; Dolores Ibarruri plazan, Pinuetan.
  • Maiatzak 11, domeka: Tiritirantesek Mesozoica eskainiko du, dinosauroak eta bere hezitzailea protagonista dituen zirku ikuskizuna; Manuel de Irujon, Txorierrin.

Kultura Kalean

Umore AUzokaz gain, Udalak Kultura Kalean programa ere antolatuko dute aurten, apirilean eta uztailean herriko plazak magiaz, barrez eta emozioz beteko dituzten hainbat proposamen ekarriko dituen egitasmoa.

  • Apirilak 13, domeka: Hutsun eta Ortzi konpainien Urbasa. Txalapartaren indarra eta lainoaren magia Urbasa mendilerroan kokatutako eszenatoki batean uztartuko dira, teknologia, tradizioaren eta naturaren lasaitasunaren aurka jarriz. Dolores Ibarruri plazan, Pinuetan.
  • Apirilak 27, domeka: Bademekum aurkeztuko du Zirkozaurre konpainiak. Horretan, Tadeo irakurzale amorratuaren istorioa kontatuko dute, mundu magikoetara eramaten duten liburuez inguratuta bizi den pertsonaia berezia, Manuel de Irujon, Txorierrin.
  • Uztailak 10, eguaztena: Emakume Zirku Gala. Bambolea konpainiak emakumeek bakarrik osatutako zirku-ikuskizuna eskainiko du. Trapezioa, akrobaziak eta malabareak sinbolismoz beteriko antzezlan batean, zirkuaren barruan emakumeen presentzia aldarrikatuko dute, San Bartolome elizako plazan.
  • Uztailak 11, eguena: Rosarai Circ Cia konpainiak La vida Toroidal aurkeztuko du. Zirkuko ikuskizun honetan, bizitzaren jatorria irudikatzen duen toroidearen kontzeptua ardatz hartuta, akrobaziak, oreka-jolasak eta umorea uztartzen dira, ama-semeen arteko eszenaratze berezi batean.Juan de Ajuriagerra plaza, Lamiakon.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun