Umore Azoka, Leioako kaleko ikuskizunen jaialdi handia, euskal sorkuntzaren aldeko apustua sendotuko bere 25. edizioan. Maiatzaren 15etik 18ra bitartean ospatuko diren jardueretarako programatutako 100 ikuskizun baino gehiagotan 22 euskal konpainiek sinatutakoak ere izango dira. Dantza, antzerkia, zirkua eta musika uztartzen dituzten proposamenek Leioako kaleak hartuko dituzte lau egunez, kultura eta artearen erakusleiho bilakatuz.
Euskal proposamen aipagarrienen artean Janire Etxaberen Atxine dantza esekiko pieza berezia, Trapu Zaharraren komedia berria La última y nos vamos, eta Mattalingo Alabak zuzeneko musikala. Gainera, aurten 27 estreinaldi absolutu, 18 Euskadin estreinatu gabeko ikuskizun eta jaialdirako propio sortutako pieza bi ere izango dira.
Aurtengo Umore Azoka 28 agerlekutan eta hiru ibilbide ibiltaritan garatuko da, Leioako gune berrietan, hala nola Udondoko Bulebarrean eta Plaza Gorrian; gainera, San Juan Bautista plaza eta Euskal Etxeen plaza ere berriz ere aktibatuko dituzte. Udal-iturriek azpimarratu dutenez, eszenatoki-sare zabalduak irisgarritasuna hobetzea eta publikoaren esperientzia aberastea du helburu.
Euskaraldiagaz bat
Aurten ere, Euskaraldia jaialdiaren parte izango da, izan ere, maiatzaren 15etik 25era ospatuko da euskararen aldeko ekimen erraldoia, eta berrikuntza gisa, ohiko ahobizi eta belarriprest rolez gain, antzerkibizi (euskarazko ikuskizunak eskaintzen dituzten konpainientzako) eta ikusleprest (euskarazko ikuskizunak ikustera doazenentzako) rolak izango dira. Ikusleprest pegatinak Iparragirre kaleko etxolan jaso daitezke.
Antolatzaileek mundu osoko 600 proposamen baino gehiagoren artean aukeratu behar izan dituzte aurtengo jaialdian arituko diren konpainiak. Hala, hiru kontinenteetako artistek nazioarteko izaera emango diete Leioako kaleetan egingo diren ikuskizunei. Hala ere, euskal konpainien % 44ko ordezkaritzak tokiko eszenaren bizitasuna eta profesionaltasuna islatuko dutela azpimarratu dute udal-iturriek; izan ere, jaialdiak Euskadiko sektorearentzat plataforma estrategikoa izan da, eta nazioartekotzearen bultzatzaile nagusietako bilakatu da.